GUTUNA

Eskubideen alde, borrokak elkartuko gaitu greba orokorraren bidean

Erabiltzailearen aurpegia

Pasa den urtea greba orokorrarekin hasi genuen Hego Euskal Herrian. Langile mugimendua ilusioz eta konfiantzaz bete zuen mobilizazioa izan zen.

Arrakasta itzela eman genion eta aurrerapauso benetan garrantzitsua izan zen, azken hamarkadan kendutako eskubideak berreskuratzeko borroka bateratzea planteatzen baitzuen.

Ilusioa eztabaidarekin elkartu zen: "Greba ondoren zer?". Gure planteamendua oso konkretua izan zen: ezin dugu atzerapausorik eman, bide honetatik jarraitu behar dugu, greba komiteak zabalduz eta indartuz, greba orokor gehiago eginez eta horri eutsi behar diogu gure aldarrikapenak lortu arte.

Osasun krisiaren oztopoen gainetik, greba orokorra altxa zuten borrokek, funtsean, aurrera jarraitzen dute, ez baitago beste alternatibarik. Pentsionistak, hezkuntzako eta Osakidetzako langileak, zerbitzuen sektore pribatizatuak (jantoki, erresidentzia, etxez etxeko laguntza…), administrazioan prekarietatean dauden 50 mila langileak… eta baita itxierak eta kaleratzeak egiten ari diren enpresetako langileak ere. Baina borroka guzti horiek banan bana zatiturik planteatu dira.

2020a oso urte mingarria izan da langileentzat. Pandemiaren ondorioak oso gogorrak izaten ari dira milaka eta milaka kutsatze eta heriotzekin. Baita ERTE zaparradarekin eta horien eskutik datozen ERE eta kaleratzeekin, batez ere kontratu prekarioan zeuden gazteen artean. Bistakoa da gobernu zentralaren zein EAEko eta Nafarroako gobernuen neurri eta politikek porrot egin dutela. Arrazoia oso konkretua da: ukatzen jarraitzen dute osasun sistema publikoak blindatzeko behar dituen milaka milioi euroak, ez dute hezkuntza publikoa erreskatatzen eta geletako ratioak murrizten, erresidentzien eta beste hainbat zerbitzuren pribatizazioarekin negozio handia egiten jarraitzen dute. Argi dago, benetan mantendu nahi dutena enpresarien irabazi ekonomiko izugarriak direla, enplegua suntsituz, zor publikoa handituz eta murrizketa gehiago eginez.

Borrokaren gorakada berri bat gertatu da azken hilabete hauetan Tolosaldean: pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak eta manifestazioak jarraipena izan dute; emakumeen eskubideen alde eta indarkeria matxistaren aurkako ekintzak egin dira; presoen eskubideen alde eta eskubide demokratikoen alde mobilizazioak egin dira; hainbat gazte antolakundek okupatutako guneen defentsan jardun dute; saharar eta palestinar herrien aldeko elkarretaratzeak egin dira. Gaur inoiz baino gehiago arrazoi gehiago ditugu eskualderako ospitale publiko bat aldarrikatzeko. Botikinaren garaipenak erakusten du borrokak fruituak ematen dituela.

Sobera baldintza eta arrazoi daude greba orokorraren bideari berriro eutsi eta borrokak bateratzeko. Haserrea langile klasearen zainetan bor-bor egiten ari da. Argi dago bide bakarra langile klasearen kaleko borroka dela. Konfiantza eduki behar dugu gauzak aldatzeko dugun indar ikaragarrian. Egoera larria bada, are sendoagoa izan behar du borroka horrek. Beharrezkoa da borrokak koordinatzea eta kaleko mugimendu sozial guztiarekin bateratzea, greba orokorraren bideari berriro helduz.

Urtarrilaren 30ean manifestazio benetan garrantzitsua egin zen Gasteizen. 7.000 pertsonatik gora izan ziren enplegu duinaren alde kaleak bete zituztenak, borrokan ari diren 50 bat enpresa-batzorderen eta kolektiboen deiari erantzunez. Jarraitu behar dugun bidea erakusten du. Hori posible da, eta horren erakusgarri da Gasteizen egin zen mobilizazio ikusgarria. Greba orokorra behar dugu Euskal Herrian eta estatu osoan. Langileok gizartea eraldatzeko boterea eta indarra baitugu.

Batu ditzagun indarrak! Gora langileen borroka!.

Jesus Mari Arancegui eta Manu Odriozola, Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialista

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!