Esan beharra daukat harritu ninduela, zeren 37 urte igaro dira lehen aldiz atxilotu nindutenetik eta 27 bigarrenetik. Horrenbeste denbora eta gero, Jaurlaritzatik ezer jasotzea ez nuen inondik inora espero.
Hala eta guztiz ere, eta jakinda konfinamendu egoera baten gaudela, Tolosako udaletxera deitu nuen jakiteko eskutitzean esaten zen bezala, ea udaletxean erregistratu ahal nuen idatzia. Baiezkoa esan zidatenez, hitzordua eskatu eta otsailaren 10erako, 10:15erako, hartu nuen ordua. Argi eta garbi geratu zen zertarako zen hitzordua.
Otsailaren 10ean beraz, erregistrora joan nintzen, ordua zertarako eskatu nuen adieraziz. Nire harridurarako ondorengo erantzuna jaso nuen: Tolosako udaletxean ezin direla horrelako idatziak erregistratu, udalak ez duelako hitzarmenik Jaurlaritzarekin eta nahi izanez gero, Ibarrako udaletxean egin nezakeela erregistroa, edo Internet bidez. Harrigarria.
Hau dela eta, zera jakin nahiko nuke: Tolosan atxilotuak eta torturatuak izan garen 100dik gora herritarrak, Jaurlaritzarekin edozein gestio egin behar badugu, Ibarra, Orexa, Elduain, Alkiza edo Albizturko udaletxeetara joan behar al dugu? Eta hau horrela bada, ze pintatzen du Tolosako Udalak, eskualdeko udalerri handiena dela kontutan izanda?
37 urte pasa ondoren horrelako jarrerak pairatu beharrak, argi eta garbi uzten du, atxilotuak eta torturatuak izan garenak 4. mailako biktimak garela. Bai EAJ-rentzat eta baita Jaurlaritzarentzat ere.
Errazagoa da, Kantabriara edo Mungiara golfen jolastera joatea (nahiz eta konfinamendu guztiak hanka azpitik pasa), Tolosako udaletxean erregistro bat egitea baino.
Bukatzeko, nire esker ona adierazi nahi diot Ibarrako Udalari eduki duen jarreragatik.
Jose Mari Mujika Ezkurra, Mari (Tolosa)