Gutuna

Biktimak aitortzeko eskaerei buruz

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Mujika Ezkurra, MariĀ  (Tolosa) 2021ko ots. 17a, 15:31

Idatzi honen bidez salatu nahi dut otsailaren 10ean Tolosako udaletxean gertatutakoa. Orain dela egun batzuk jaso nuen Eusko Jaurlaritzatik, idatzi bat non 12/2016 legearen babesean, giza eskubideen urraketaren biktimak aitortzeko eskaerak aurkezteko epea ireki zela eta horretarako nahi izanez gero, eman behar genituen pausoak zeintzuk ziren azalduz.

Esan beharra daukat harritu ninduela, zeren 37 urte igaro dira lehen aldiz atxilotu nindutenetik eta 27 bigarrenetik. Horrenbeste denbora eta gero, Jaurlaritzatik ezer jasotzea ez nuen inondik inora espero.
Hala eta guztiz ere, eta jakinda konfinamendu egoera baten gaudela, Tolosako udaletxera deitu nuen jakiteko eskutitzean esaten zen bezala, ea udaletxean erregistratu ahal nuen idatzia. Baiezkoa esan zidatenez, hitzordua eskatu eta otsailaren 10erako, 10:15erako, hartu nuen ordua. Argi eta garbi geratu zen zertarako zen hitzordua.

Otsailaren 10ean beraz, erregistrora joan nintzen, ordua zertarako eskatu nuen adieraziz. Nire harridurarako ondorengo erantzuna jaso nuen: Tolosako udaletxean ezin direla horrelako idatziak erregistratu, udalak ez duelako hitzarmenik Jaurlaritzarekin eta nahi izanez gero, Ibarrako udaletxean egin nezakeela erregistroa, edo Internet bidez. Harrigarria.

Hau dela eta, zera jakin nahiko nuke: Tolosan atxilotuak eta torturatuak izan garen 100dik goraherritarrak, Jaurlaritzarekin edozein gestio egin behar badugu, Ibarra, Orexa, Elduain, Alkiza edo Albizturko udaletxeetara joan behar al dugu? Eta hau horrela bada, ze pintatzen du Tolosako Udalak, eskualdeko udalerri handiena dela kontutan izanda?

37 urte pasa ondoren horrelako jarrerak pairatu beharrak, argi eta garbi uzten du, atxilotuak eta  torturatuak izan garenak 4. mailako biktimak garela. Bai EAJ-rentzat eta baita Jaurlaritzarentzat ere.
Errazagoa da, Kantabriara edo Mungiara golfen jolastera joatea (nahiz eta konfinamendu guztiak hanka azpitik pasa), Tolosako udaletxean erregistro bat  egitea baino.

Bukatzeko, nire esker ona adierazi nahi diot Ibarrako Udalari eduki duen jarreragatik.

Jose Mari Mujika Ezkurra, Mari  (Tolosa)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!