GUTUNA

Indarrak batzeko garaia da

Erabiltzailearen aurpegia Andu Martinez de Rituerto Arregi 2021eko otsailaren 4a

Zorionez, jende askoren lanaren ondorioz, Tolosaldeko ospitalearen gaia eskualdeko beharren lehen lerrora ekartzea lortu da.

Urteak dira Tolosaldeko herritar, eragile, sindikatu eta alderdi politiko batzuk ospitale publikoaren beharra azaldu eta aldarrikatzen ari garela. Orain arte azpiegituraren kontra egon direnak ere iritziz aldatu dute; nahiz eta horren ondorioz urte asko galdu ditugun proiektua gauzatzeko. Azaroan adierazi bezala, modu positiboan baloratzen dut Tolosako Udal gobernua eskualdeko ospitale publikoarentzat orube baten bila lanean jartzea. Baina aldi berean, ez dut ulertzen Tolosako Udal gobernuak aldebakartasunez jarduteko duen grina. Ezin dugu ahaztu Tolosaldeko ospitaleaz hitz egiten ari garela eta dagoeneko eskualdeko 25 alkatek osasun mahaia osatzeko pausua eman dutela. 

Ospitalea Tolosan kokatzea interesgarria eta egokia izan daiteke, baina eskualdeko azpiegitura izanik, ezinbestekoa da kokapena, zerbitzu kartera eta zehaztu behar diren gai guztiak jorratzeko esparrua Tolosaldean eratuko den osasun mahaia izatea. Horregatik, beharrezkoa da Tolosan ospitalearentzako lau puntu aurreikusi dituen proiektua bertan aurkeztea. Izan ere, eskualde osoko herritarren onurarako, Tolosaldeak ahots bateratua izatea da zentzuzkoena eta eraginkorrena, etorkizuneko ospitale publiko berriaren inguruko erabakietan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin batera erabakiak hartzeko.

Indarrak batzeko garaia da, eta ez bakoitza bere aldetik aritzekoa. Horregatik, 25 alkateek osatutako mugimenduan bat gehiago izateko eskatu nahi diot Tolosako alkateari. Hori izango da eta tolosarrek merezi dugun kalitatezko osasun zerbitzua lortzeko modu bakarra.

Andu Martinez de Rituerto Arregi
Tolosako Udaleko EH Bilduko Bozeramailea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!