GUTUNA

Hurbileko Udaltzaingo euskaldun eta kalitatezko baten alde

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Iriarte San Vicente, Tolosako alkate ohia 2021eko otsailaren 3a

Pasa den astean emakume baten whatsapp bat iritsi zait Tolosako udaltzain baten aldetik jasotako tratua azalduz. Udaltzain honek, ez zuen herria ezagutzen, baina ez zen euskaraz hitz egiteko kapaz ere.

Gogoan dut alkatetzara iritsi bezain laster hartu genuen lehen erabakietako bat Udaltzaingoa berrantolatzea izan zela, hurbileko zerbitzu publikoaren ikuspegi eraginkorra ematea genuen helburu.

Horretarako, hainbat ekintza abiarazi genituen, horietako bat lan-poltsa propioak sortzea izan zen. Beti uste izan dut udaltzainak direla tolosarrekin tratu gehien duten udal langileak, eta horregatik, uste dut ezinbestekoa dela hauek udal langile gisara oso argi izatea zeintzuk diren bete behar dituzten eginkizunak.
Hala ere, udal gobernu honek biderik errazena hartzea erabaki zuen, Arkauteko lan-poltsa zentralizatutik tiratzea. Eta hauek dira ondorioak; poltsatik datozen udaltzainek ez dute herria ezagutzen eta ez dute ez herriarekiko ezta herritarrekiko inolako loturarik ere. Ondorioz, Udaltzaingoa Ertzaintzaren azpiatal bilakatzen ari da. Pena bat, benetan.

Lerro hauen bidez, Tolosako udal gobernuari tolosarrok gertuko Udaltzaingo euskaldun eta kalitatekoa izan dezagun lan egin eta horren aldeko hausnarketa burutzeko eskatzen diot.

Ibai Iriarte San Vicente, Tolosako alkate ohia

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!