GUTUNA

Klima aldaketa feminismoan

Erabiltzailearen aurpegia Lurgatz Talde Feminista 2021eko urtarrilaren 28a

Larrialdi ekologikoarekin kezkatuak dauden eragile sozial zein sindikalek osaturiko Larreko Mahaia elkarguneak, U30 Aldaketaldia ekimenaren baitan, manifestazioa deitu du larunbaterako. 17:00etan abiatuko da Donostiako Gladys Eneatik eta Lurgatz Talde Feministak bat egiten du deialdiarekin.

Honen harira, klima aldaketak mugimendu feministan zeresana baduela azpimarratu nahi dugu. Horretarako, klima aldaketa gai feminista dela dioten Clare Hymer eta Maddy Hodgsonren bost arrazoiak labur aipatuko ditugu:

  1.  Klima aldaketak neurriz kanpo eragiten die munduko pertsona pobreei, eta horietatik %70 emakumeak dira.
  2.  Klima hondamendia gertatzen denean, genero indarkeria areagotzen da.
  3. Baliabideak ez erauzteko borrokan ari diren emakume indigenak hiltzen eta desagertzen ari dira.
  4. Emisioak murrizteko erantzukizuna norbanakoei dagokie, etxeko aktore direnei, eta, beraz, bereziki emakumeei.
  5. Klima-aldaketak eragindako migrazioa generoa duen prozesua da.

Hau kontuan izanik, klima aldaketaren gaian genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da. Azken finean, Gizonak, Maskulinotasunak eta Klima Aldaketa txostenean (Men Engage Alliance, 2017) adierazten den bezala, "patriarkatua kaltegarria da gure klimarentzat", gizonek natura menderatu nahi izan duten ikuspegitik, besteengan boterea izan nahi duten bezala. Ahalegin berriak egin behar dira norabide egokian aurrera egiteko, gizonak klima-hondamendien aurrean ahulak diren gizaki gisa sartuz.

Alicia Puleo filosofo ekofeministaren ahotan, "emakumeak naturalizatu egin dira, eta natura, feminizatua, baliabide infinituen iturri gisa eratua: kapitalismoa, bere hedapen infinituaren beharrean, menderatze patriarkalerako borondatearen formetako bat da". Ekofeminismoa bi hitzekin laburbiltzen du: "autozaintza eta justizia globala".

Azken hauek dira Lurgatz Talde Feministak emakumeengan* egunerokotasunean presente izan nahi dituen hitzak. Ez lurra, ezta gure gorputzak ere, ez dira konkistarako lurraldeak!

Lurgatz Talde Feminista

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!