Elkarrizketa horietako batean, tartean, zurito baso erdi-huts gutxi batzuen artean, adiskide batek egoeraz nazkatuta zegoela adierazi zuen.
Edonor ere, zilegi da pandemiaren parada honetan arima akituta eta arrakalez josia izatea eta ziurrenik beste momentu batean aipatu edo beste norbaitek esan izan balu, akaso, haizeak eramaten utziko nukeen esaldi hura, baina erantzun xelebre bat etorri zitzaidan burura eta etorri bezala ahotik irten zitzaidan.
Ehiztariek hain ‘maitatuak’ dituzten oilagorrak desagertze arriskuan izango balira eta beraien ehiza debekatuta egongo balitz, ezkutuan eta legez kontra hegazti dotore hauek ehizatzen aritzea eta aritze horretan debekuaz kexatzearen gisara jokatzen ari zela aitortu nion.
Eta aitortzen dut ateraldi hura ez zela adibiderik egokiena izan, baina bat-batekotasunak askotan egokitik herren izaten omen du; bistakoa den bezala, nire adiskideak egunerokotasuneko jardunean izaten dituen jarrerek ere makulua behar dutela. Hala ere, atrebentzi guztiz diot, norberaren motxila jarrera berekoiz hornitzen dituzten hauek ere, nahiko oilar eta nahiko gor planta ere izaten dutela maiz, baina, bizi-senaz oilagorrek hegan hasteko behar duten bat-batekotasunik ez dutela izaten euren ekintzetan.
Iñigo Ormazabal, Alegia