Horregatik, Rainboweko lagunok 2021eko urtarrilaren 2an «eman ez ziren» gertaeren inguruko gure bertsioa eman beharra sentitu dugu.
1.- Ez ziren COVIDaren aurka indarrean zeuden neurriak hautsi, eta ez ziren udaltzainak iraindu, besteak beste, etorri ez zirelako.
2.- Ez zegoen gazte eta ez-hain-gazte taldeen pilaketarik, ez taberna barruan, ez kanpoan.
3.- Ez zegoen inor musukorik gabe, distantzia mantendu gabe, eta ez zegoen inor ere barran kontsumitzen. Bezero guztiak eserita zeuden, bai taberna barruan, baita kanpoan ere, bakoitza bere musukoarekin.
4.- Ez zen Udaltzaingoa iraindu, ez baitzeuden han. Ertzaintzaren 6 patruila agertu ziren Kale Nagusira, bizilagun baten deia zela eta, antza. Ez zitzaigun lokala aireztatzen utzi bi ordu eta erdian zehar, nahiz eta hainbat alditan eskaera hau luzatu, segurtasun eta higiene neurriak mantentze aldera.
5.- Ez dugu inongo isun proposamenen berririk, gaur arte behintzat. Akta baten irekieraren berri bakarrik eman zitzaigun, edukieragatik eta segurtasun distantziagatik. Honen harira, argi utzi nahi dugu edukiera behar bezala errespetatzen zela. Nahiz eta, presentzia polizialak izuturik, hainbat bezero kaletik tabernara kolpean sartu, identifikatzeko unean denak zeuden eserita eta musukoarekin.
Ez gara bestelako balorazio batzuetan sartuko. Dena den, min eman digu talde politiko batek, ostalaritza establezimendu baten kriminalizazioaren bizkar, etekin politikoa atera nahi izateak, eta are gehiago, gure bezeroen izen ona zikintzeak. Gure helburu bakarra bakean lan egitea da, aisialdi atsegin eta seguru bat eskainiz.
Azken egunetan jasotako elkartasuna eta babesa eskertzea besterik ez zaigu gelditzen, besarkada bat amasar eta billabonatar guztiei.
Gora gu ta gutarrak!
Pablo Eguzkiza, Amasa-Villabonako Rainboweko tabernaria (beste 60 lagunen izenean, horietako 20 lekukoak)