GUTUNA

Botikina izango du Amarotzek borrokari esker

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Aranzegi, Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialistako kidea eta Amarotzeko auzotarra 2021ko urt. 19a, 07:59

Botikina izango du Tolosako Amarotz auzoak eta borrokari esker lortu dugu dudarik gabe. Farmaziarik gabe geratu ginen 2020ko urtearen hasieran, bertan genuena Tolosako beste auzo batetara lekualdatu zenean. Ondorioz, auzoko biztanleen %34 adinekoa izanik, distantzia luzea egin behar izaten zuten gertuen dagoen farmaziara iristeko. 

Berehala hasi genituen mobilizazioak farmaziaren ordez botikina eskatzeko, bidean Jaurlaritzak emandako ezezkoari aurre eginez. Pasa den astean jakin zen berria. Ezarritako errekurtsoaren ondotik, eskaria onartu eta botikina jartzeko baimena eman du azkenean Eusko Jaurlaritzak. Garaipen pozgarria lortutakoa. 

Botikinaren aldeko borroka, eskualdean urteetan ospitale publikoaren alde egiten ari garen borrokaren testuinguruan eman da. Urriaren 17an, Tolosako kaleak jendez bete genituen manifestazioan, beste behin, Tolosalderako ospitale publiko duin bat eta Amarotz auzorako botikina aldarrikatuz. Botikinaren garaipenak erakusten du borrokak fruituak ematen dituela.

Gaur inoiz baino gehiago arrazoi gehiago ditugu eskualderako ospitale publiko bat aldarrikatzeko. 2020a oso urte mingarria izan da langileentzat. Pandemiaren ondorioak oso gogorrak izaten ari dira milaka eta milaka kutsatze eta heriotzekin. Bistakoa da gobernu zentralaren zein EAEko eta Nafarroako gobernuen neurri eta politikek porrot egin dutela. Arrazoia oso konkretua da: ukatzen jarraitzen dute osasun sistema publikoak blindatzeko behar dituen milaka milioi euroak, ez dute hezkuntza publikoa erreskatatzen eta geletako ratioak murrizten, erresidentzien eta beste hainbat zerbitzuren pribatizazioarekin negozio handia egiten jarraitzen dute. 

Baina hori gertatzearekin batera, borrokaren gorakada berri bat gertatu da azken hilabete hauetan Tolosaldean: pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak eta manifestazioak jarraipena izan dute; emakumeen eskubideen alde eta indarkeria matxistaren aurkako ekintzak egin dira; presoen eskubideen alde eta eskubide demokratikoen alde mobilizazioak egin dira; hainbat gazte antolakundek okupatutako guneen defentsan jardun dute;  Sahara eta Palestinar herrien aldeko elkarretaratzeak egin dira…

Argi dago bide bakarra langile klasearen kaleko borroka dela. Konfiantza eduki behar dugu gauzak aldatzeko dugun indar ikaragarrian. Egoera larria bada, are sendoagoa izan behar du borroka horrek. Horregatik, beharrezkoa da borrokak koordinatzea eta kaleko mugimendu sozial guztiarekin bateratzea, greba orokorraren bideari berriro helduz.


Gora langileen borroka! Aurrera!  

Jesus Mari Aranzegi  Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialistako kidea eta Amarotzeko auzotarra 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!