Koronabirusa

Urtarrilaren 2an Villabonan gertatutakoaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldeko Gazte Koordinadora Sozialista 2021ko urt. 13a, 11:31

Iturria: GKS

Lehenik eta behin, gertakarien gaineko egia azalarazi behar da: urtarrilaren 2an, arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera, Ertzaintzaren sei patruila agertu ziren Kale Nagusian, jarrera oldarkorrarekin. Bi tabernetan zeuden herritarrak jazarri eta mehatxatu egin zituzten; justifikatu gabeko azalpenik eman gabe hainbat pertsona identifikatu eta hormaren aurka jarri zituzten.

Finean, bertan zeudenak modu arbitrarioan jazarriak izan ziren denbora luzez, izan ere, bi orduz baino gehiagoz egon behar izan zuten taberna barruan kanpora irten ezinik. Poliziaren esku-hartzearen asmoa ez zen osasun neurriak betearaztea izan, horren adierazle garbia da taberna barruan egondako denbora guztian atea itxita egotea, Ertzainei taberna aireztatu zedin atea irekita mantentzeko eskatu bazitzaien ere. GKStik gertakari hori gaitzetsi eta elkartasuna adierazi nahi diegu jazarpena sufritu dutenei.

Poliziaren indarkeria sufritzeaz gain, egoera horren aurrean azken egunotan gazteok bizi izan dugun kriminalizazio saiakerak direla eta, interpelatuak sentitu gara:

Alde batetik, EAJ alderdiak gertakariak desitxuratu egin ditu, Ertzaintzaren jokabidea zuritzeko eta bertan zeuden gazteak kriminalizatzeko helburuarekin. Horretaz gain, manipulazioan oinarrituta, alderdikeriaz jokatu du; guztion osasunaren izenean bere alderdia indartzea izan baitu xede.

Jarrera larria da EAJrena, alderdikeriaz, birusak eragin dituen hildakoak, gaixotuak eta orokorrean kalteak Kale Nagusian zeuden horien ardurapean jartzen saiatu baita; bereziki gazteon bizkarrean. Gure ustez, egoera latz honen arduradunak seinalatzekotan, irabaziak lehenetsi dituzten kapitalistak seinalatu behar dira batetik, eta hauen zerbitzura Pandemia kudeatzen ari diren gobernuak bestetik –tartean EAJ buru duen Eusko Jaurlaritza–.

Gertakarien aurrean, EH Bildu buru duen udal gobernuak gaiarekiko erakutsi duen utzikeria ere auzitan jarri nahi dugu. Deigarria iruditu zaigu alkateak berriki egin dituen adierazpenetan ezer esateko ez daukala baieztatzea. Gure iritziz, Udalaren betebeharra baita poliziaren jazarpena jasan duten herritarrak babestea.

Amaitzeko, gertakari zehatz hau bizi dugun testuinguru politiko eta sozialean ulertzen dugula adierazi nahi dugu. Izan ere, azken hilabeteetako salbuespen egoerak eta krisialdi egoerak, birusa aitzakian, boterearen arbitrariotasuna eta autoritarismoa indartu ditu eta, tartean, langile klaseko gazteon aurkako polizia-bortizkeria areagotu egin da.
Hori dela eta, gisa horretako egoeren aurrean gazte langileak babesik gabe aurkitzen direla nabarmendu nahi dugu eta, zentzu horretan, antolakuntza politikoaren bitartez askatasunaren eta eskubide zibilen zein politikoen aldeko borrokan berresten gara. Hortaz, norabide horretan lanean jarraituko dugu.

Tolosaldeko Gazte Koordinadora Sozialista

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!