Ziur gaude, hori irakurrita, nazkak eta amorruak uzkurtzen dutela emakume guztion urdaila, baita nolabaiteko ezintasun-sentsazioak ere. Inpotentzia sentitzen dugu basakeria hori bat gehiago dela jakinda, egunero milaka emakumek jasaten dutenaren adierazgarri. Milaka emakume, sexualitate maskulino jakin bat asetzera behartuak: gu kosifikatzeko gai dena, gorputz bakoitza pertsona bat dela ahaztu eta hura bere nahia asetzeko tresnatzat hartzen duena.
Sexualitate maskulino heteropatriarkala botereari lotuta eraiki da, sistemaren berezko zati da, eta hura elikatzen du. Hitz horiek "akademikoegiak" izan daitezke, hutsak, batez ere zuei erosoagoa bazaizue oin-puntetan ibili eta sexu-esplotazioaz ari garenean beste aldera begiratzea: zuei, gizonei. Denok izan dugu aukera jabetzeko, hemen ere, Tolosaldean, emakumeen salerosketa errealitate bat dela, eta asko behartuta ari direla.
Horregatik, argi esan nahi dugu, zalantzarik egon ez dadin zertaz ari garen: Tolosan etxebizitza batean, gutxienez, sexu-esplotazioa jasaten duten emakumeak badaude, eskualdean egunero gizon batzuk aktiboki edo pasiboki laguntzen ari direlako da. Horregatik, zuzenean zuregana jotzen dugu, Tolosaldeko 25.000 gizonetako batengana, bezero izan zaitezkeelako, edo bezeroak ezagutu, edo bezero potentzialak, eta argi dagoelako "eskaintza" aberrante hau zuri zuzenduta dagoela.
Baldin badakizu transakzio ekonomikoa eta transakzio hori gauzatzen den espazioa proxeneta batek zuzentzen duela, zalantzan jarri eta salatu. Ez baduzu egiten, konplizea zara.
Prezio bat ordaintzeak gorputz bat zuk nahi duzun bezala erabiltzeko eskubidea ematen dizula uste baduzu, jarri zalantzan, aztertu zeure burua eta sexualitatea. Izan ere, prezio bat ordaintzeko aukera izatea botere-harremanei lotuta dago, zeinetan pribilegioak dituzun beste bat mendekoa izatearen, erabiltzearen eta kosifikatzearen lepotik. Segur aski hori ez litzaizuke desiragarria irudituko zure amarentzat, arrebarentzat, bikotekidearentzat, alabarentzat, lagunarentzat...
Baldin eta uste baduzu zure nahia asetzeak eskubidea ematen dizula edozein esplotazio, mendekotasun edo emakumearen kosifikazio burutzeko, aztertu ezazu. Hori ez bada zure kasua, baina zure inguruan horrela jokatzen dutenak izan eta isiltzen bazara, ez zara gizonagoa, konplizea zara. Ahotsa altxatu eta egiten dutena ikusarazteko erabiltzeak, horrek gaizki sentiaraziko baditu ere, ez zaitu traidore bihurtzen, pertsona hobe baizik. Bat erasotzen badute, denok erasotzen gaituzte, eta bada garaia zuek ere ardura zaitezten.
Gora borroka feminista!
Tolosako Asanblada Feminista