Dakizuen bezala, azaroaren 13an, Marokok bere ejerzitoa bidali zuen Gergeraten Marokok egindako pasabide ilegalaren gunean blokeatzen ari ziren saharar zibilen aurka, 1991ko su etena apurtuz. Ekintza honek, Fronte Polisarioak bere zibilen alde egitea behartu zuen eta geroztik ekintza belikoak ari dira gertatzen bi aldeen artean.
Mendebaldeko Sahararen aldeko euskal mugimenduaren eta Fronte Polisarioaren artean sinatutako idatzi bat oinarritzat hartuta, udaleko EAJ eta EH Bilduk mozio bar aurkeztu zuten eskakizun desberdinekin; tartean, saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubidea, Minursok bete behar lituzkeen giza eskubideen zaintza eta segurtasuna, Marokoren okupazioa eta su etenaren kondena, Espainiako Gobernuari bere bete beharrak behingoz betetzeko eskaera eta beste gai batzuk azaltzen ziren.
Tolosaldea Sahararekin elkartearen izenean, aipatutako bi taldeen aldeko botoa eskertu nahi nuke, eta baita beraien izenean, bozeramaile bezala egin zuten Olatz Peon eta Xabi Martinezen hitzak ere. Batetik gure elkarte eta Tolosako ikastetxeak saharar herriaren alde egiten ditugun ekintzak baloratzeagatik, eta bestetik Desmond Tuturen hitzak ekartzeagatik: "Bidegabekeria baten aurrean neutral agertzea zapaltzailearen alde egitea da".
Baina plenoan izan ziren hodei beltzak ere, Jose Mari Villanuevak (PSE-EE) sorturikoak. Abstentziorako arrazoiak azaltzeko esandako hitzak, tristeak, gogorrak eta entzun ezinak izan ziren:
- "Gergerateko pasabidea, asfaltatutako karretera bat besterik ez da". Ba ez Jose Mari, askoz ere gehiago da. Pasabide ilegala da, eta bertatik eremu okupatuetako lehengaien komertzio ilegala ahalbidetzen da, eta baita droga bezalako sustantzia ilegalak ere.
- "Marokorekin negoziatzeko behar handia dugu". Ezin dut sinetsi nola jarri zenitzakeen zure gobernuaren migrazio edo negozio akordioak, Sahara pairatzen ari den okupazio eta ustiaketa ilegal, eskubide, zibil eta giza eskubide falta, genozidio, edota 1991n martxan jarri behar zen autodeterminazio bozketaren gainetik.
- "Nondik atera duzue Espainia dela de iure potentzia administratiboa? Hori ez da zuzena". Hitz maltzurrak Jose Mari. Noski dela de iure potentzia administratiboa, horrela diote behintzat Nazio Batuen Erakundeak, Espainiako Auzitegi Nazionalak edo baita zure ministro Marlascak ere (2014ko Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salan, 40. Autoan). Nahikoa duzu?.
Mozioaren %90arekin ados zinela baina puntu batzuk kendu eta beste bi jarriko zenituzkeela esan zenuen. Lehenengoa Minursorekin lotutakoa, bere agindua luzatuz, nahiz eta erakunde honek jarrera pasiboa erakutsi eta giza eskubideen eskumen falta izan. Bigarrena, Espainiako Gobernuari eginikoa, kanpalekuetarako giza laguntza handitzea eskatuz, gai honekin duzun enpatia modu tamalgarrian erakutsiz, eta saharar herritar asko eremu okupatzailean bizi direla (nahita) ahaztuz, zure taldearen lagun den Marokoko Erresumaren pean beraien biziak ezer balio ez duelarik. Honekin lotuta ere esan nahi dizut, errefuxiatu kanpalekuetan bizi diren sahararrek, ez dutela nahi zuen akordio komertzial ilegalen bidez beraien itsaso eremuan espainiar itsasontziak jasotako eta espainiar enpresara bidalitako arraina latetan jasotzea, baizik eta, beraiek bere txalupa eta kanaberekin bere itsas eremuko arraina jatea.
Horrela izan dadila eta lehenbailehen. Sahara hurra, Sahara libre!
Agustin Agote Garmendia, Tolosaldea Sahararekin elkartea