Hasiera batean komuneko sarrera ukatu zitzaion, aparkalekuko zuzendaritzak ezarritako arauak betez. Azkenik, arduradunak sartzen utzi zion, baina tamalez kasu honetan beranduegi izan zen; nire aita, dagoeneko zikinduta zegoen. Galtzetan kaka eginda, alegia. Saminduta, lotsatuta eta haserre iritsi zen etxera.
Establezimendu publiko batek ateak irekita badauzka, bertako komunak ere irekita egon behar dute. Uda honetan adibidez ez dugu taberna edo jatetxe bakar bat ere ikusi komunak guztiz itxita dituenik; pentsaezina egingo litzaiguke. Ez dugu planteatu ere egiten. Komunak ez dira gutiziak.
Seguru asko, enpresak COVID-aren aurkako segurtasuna aipatuko digu orain. Sentitzen dut baina, nire uste apalean, hori ez da COVID-aren aurkako segurtasuna bermatzea. Horri gainetik marroia kentzea esaten zaio. Enpresa irekita badago, segurtasun guztiekin zerbitzua eman beharrean dago. Dirua gastatu behar da horretarako bai COVID-aren aurkako produktu berezietan baita garbiketa egingo duen langileekin.
Lehen komunak egunean behin garbitzen baziren ba orain hamar aldiz egin beharko da. Gustatzen zaigu? Ba ez. Baina ez daukagu beste erremediorik eta enpresa gehienak behintzat horretan daude; Lapurdi aparkalekua izan ezik. Enpresa hori arazo guzti honen alde politarekin geratu da (aparkalekua kobratzea) eta alde zikina (komunak garbitzearena) guztiz saihestu du.
Aparkalekuko arduradunei, Tolosako Udalari eta herritarroi eskatuko nizueke bakoitzak bere eskura dauzkan neurriak hartzea. Mesedez beste inor ez dadila etxera bueltatu (heldu edo gazte) galtzetan kaka edo pixa gainean eginda, establezimendu publiko bateko komuna enpresak itxita daukalako.
Komunak irekita nahi ditugu. Eskerrik asko danoi eta egin dezagun herri hobea!
Oharra: Kexa hau ez doa bertako langileen aurka, zeren azken finean aginduak betetzen baitituzte.
Aritz Dendategi, Tolosa