Gutuna

Ezpala bizirik!

Erabiltzailearen aurpegia Olaia Uzkudun Askarai, Tolosaldeko Gazte Fronteko kidea 2020ko abe. 2a, 13:59

Duela aste batzuk zabaldu zuen Tolosako Gazte Fronteak Ezpala Gaztetxearen epaiketa eguna, abenduaren 18an izango dena, hain zuzen ere. 

Epaiketaren atarian aurkitzen gara beraz, eta horrek badakar bere horretan halako erresumin bat Ezpala bizirik mantentzen lanean aritu garen gazteontzat. Ezpalak asko eman digu eta du emateko oraindik. Bada, espazio huts bat izatetik haratago, langileon beharrak asetzera begirako antolakuntza espazio gisa ulertzen baitugu. Hori dela eta, funtsezkoa deritzot honen beharrezkotasunean sakondu eta zergatik defendatu behar dugun agerian uztea:

Hasteko, ez da gutxi izan Ezpala gaztetxea egokitzeko egin dugun ahalegina, ikusi besterik ez baitago sartu ginenean zein egoeratan aurkitzen zen espazioa bera. Horrela, gazteok batu eta auzolan bitartez elkartzeko eta gune eroso izateko berregokitzen saiatu gara. Horretaz gain, barrura zein kanpora begirako ekintzak antolatu ditugu; hala nola, pelikula proiekzioak, formakuntza saioak, kontzertuak, hitzaldiak, eta abar.

Tolosaldeko gazte langileok gure potentzialitatea agerian utzi dugu honako proiektua aurrera eramateko. 
Gaur-gaurkoz egoera bestelakoa da. Kaleratze arriskuan gaude, kale gorrian geratzeko arriskuan, honelako espazioen beharrezkotasuna ageriagoa den unean, hain zuzen ere. Eta zergatik da agerikoagoa? Egoera berri honetan, burgesiaren botere posizioa handitzen doa eta ondorioz, zapalduok gure erara maneiatzeko gaitasun gehiago du. Bada, ez da harritzekoa langileon gaineko kontrol sozialaren areagotzea, gizarteko problematika jakinen gaineko kriminalizazio kanpainen zabalpena (okupazioaren aurkakoak besteak beste), oinarrizko eskubide eta askatasunen urraketa, eta abar. Eta nola aipatu gabe utzi, askatasun politikoen ukapena. Beraien helburua langile otzan eta diziplinatuak sortzea da, lege burgesei men egingo dien langileria  despolitizatua erreproduzituz. 

Horren aurrean, Ezpalak bere ekarpen xumea egiteko ahalegina egin du, desjabetuoi antolatzeko espazioa eskainiz. Hutsik eta erortze egoeran zegoen eraikina kendu nahi digute, eta metaforikoa dirudien arren, horrela izanez gero, hutsik geratuko da espazioa, eta harekin batera esku hutsik geratuko da langileon sektore bat. Honakoa esanda, Ezpalaren defentsan berretsi behar garela besterik esatea ez zait geratzen. Horretarako, datozen aste zein egunetako mobilizazioetan parte hartzea garrantzitsua izango da. Jakin dezatela ez garela gutxiengo bat beraien aldean. Erasoen aurrean Ezpala Bizirik mantenduko dugulako.

Olaia Uzkudun Askarai, Tolosaldeko Gazte Fronteko kidea

Erlazionatuak

Estalperik gabe, ezin eraiki

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 aza 27 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!