Gutuna

Ez dira betiko garai onenak

Erabiltzailearen aurpegia Haimar Altuna Ijurko, Sortuko kidea, Lizartza. 2020ko aza. 26a, 11:57

Aurreko batean afaria prestatzen ari nintzela Hertzainak taldearen abesti bat entzuten nuen bitartean idazteko beharra etorri zitzaidan. Zehazki gaur egun bizi dugun egoera gogorraren aurrean nire iritzia plazaratzeko beharra, abestiak dioen moduan garai hauek ez dira betiko garai onenak.

COVID-19ak atzetik zetozkigun hainbat krisi azkartu ditu (ekologikoa, zaintzaren krisia,...) eta guzti hau eragin zuzena izaten ari da gure bizitzetan, birus honek heriotzak eragiteaz gain izugarrizko triskantza eragiten duelako bereziki sektorerik zaurgarrienetan.

Herritar multzo ezberdinen partetik mota guztietako erreakzioak ikusten ari gara, ukazioa tarteko.

Anabasa honetan eskuin muturra da, jaun da jabe, eta ez du gainera inongo eskrupulorik guztia askatasunaren izenean egiteko, argi utziz bost axola zaizkiola benetan gaizki igarotzen ari direnen bizitzak eta beste interes politiko batzuk dituelarik. Badakit bai, nazkatuak gaude. Baina, era berean, errealitatea ezin dugu ukatu, benetakoa delako.

Bada aipatutako errealitatea ukatzen duenik ere. Batzuek, beraien ukazioa justifikatzeko, kontrol sozialaren neurrien kontra egiten dute, besteek beharrezkoa dugun maskara eta distantziaren kaltea demostratzen saiatzen dira, baina nire iritzirako ez da egokia soilik alde negatiboa aipatzea eta hainbat neurrik komunitatearengan izan dezaketen alde positiboa ezkutatzea.

Bai, aitortzen dizuet, askatasun murrizketek kontraesana eta korapiloa eragiten didatela, baina benetako pandemia baten aurrean gaudela ezin ahaztu dezakegula argi daukat eta beraz aipatutako komunitatearen mesedetan aritu beharra daukagula.

Amaitzeko argi daukat, herri honekiko dugun ardura eta erantzukizunarengatik, elkar-zaintzea, eta gure estruktura sozial, sanitario, laboral eta abarrak ahalik eta gehien sendotzea izan behar duela gure erronka, publikotasuna indartzea alegia.

Baliatu dezagun gure neke eta haserrea indar eraldatzaile bilakatu eta erabakitzeko eskubidearen bidetik, Euskal Errepublika eraikitzeko.

Haimar Altuna Ijurko, Sortuko kidea Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!