Gutuna

Baso herria bultza!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Goikoetxea Gazteluko presoa eta Dortoka, DueƱasen gatibu 2020ko aza. 24a, 09:58

Emakume baserritar guztiei zuzendua. 

Baserrian jaio, hezi, bizi, abarkak jantziz goizeko ihintzetan jauzi, sega eta sarde lanabes arraitz harriaz jolasten, izerdi malko, ametsen iturri, borroka lan latza! Norabide zehatza, herri eraikuntza giltza, burujabe izateaz mintza, laino, eguzki, ilargi, bide zidorra dirudi; sasi, garo, osin, bultza! Bagoaz bidean, elikatu, maitatu, ama-lurra zaindu.

Basoarekin bizi dira herriak: ehiztari biltzaile, ortuzain, nekazariak, bertan babestu direnak. Basoa da eta izan da, hala Euskal Herrian, nola Marokon, herritarron geriza. Baserria, lurra ustiatzeko bizileku iraunkor gisa, XV. mendean dotatzen ei da. Aristokratek erabaki omen zuten, gainpopulazioari aurre egiteko edo, populazio jakin bat mendira bidaltzea. Beste arrazoi batzuen artean al daude, lurra eta biztanleen errentagarritasuna handitzea edo kontrolpetik at zuten natura eta kultura eremuan, arau multzo batzuk ezartzea? Biopolitika goiztiar baten isla ote?

Uztartu baserria, lanbide, familia, natura, ekonomia zirkularra, atez ate, otarrez otar, eskuz esku, ahoz aho, ortuz ortu, orratzik gabeko erlojuan, artzain jakintsuen makila mugalari, herrimina irakasle, barrotedun leihoak erakusle, saldu eta erosi ezin diren arbasoen lurrak, jabetzarik gabeko erabilpen askea. Baserria baso bizitzaren nukleo bilakatu zen, naturaren baitako ezagutza, sinismena, bizimodua, gorputza eta hizkuntza bertan uztartu ziren. Gaude, baserria familia (nuklearra)ren etxea baino gehiago ere badela, basoa (natura) eta herria (kultura) armonian bizitzeko egitasmo bat dela baserria, are basoa, kultura eta natura, herri bilakatu diren garai hauetan.

Zelataririk gabeko ate irekiak, konpromiso, militantzia, zaintza. Auzolana, eraldaketa soziala oinarri, jaiegunik ezagutzen ez duen egutegia, urtaroz urtaro mugarri, garaian garaiko eta lekuan lekuko funtzioaz, duintasunez beteriko lehen sektoreko sorginak, politikari maltzurren atzaparretan mehatxatuta, bizirik iraun nahi duen sektore maitatua, polita bezain ezinbestekoa.

Baserria gobernatzeko ideia berritzaileek hezkuntza, kontrol eta diziplina berriak dakartzate, itxialdia berezko duten ohiko instituzioei ekarpen iraultzailea ematearekin batera, herritarrei aterpe eta ahalduntze bide bat emanez. Baserritarra funtzionario? Baserria instituzio? Horretaz mintzatzeko premia dugu, naturak ez gaitzan lurperatu, baserriak ez daitezen hemendik milaka urtetara gaur egungo "Cromlech" bilakatu. 

Atakaz ataka instituzio faltsuekin talka, jira eta bira goldeei tira, betiko lekuan geldi dira, bide berriak eraiki deseraikiz, baserrien beharraz ausarti. 

Andoni Goikoetxea Gazteluko presoa eta Dortoka, Dueñasen gatibu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!