Baina ikasturte berria hasi da, eta herriko haur bakoitza bere eskolarako bidean abiatu da. Horietako zenbait 40 minutuko autobus bidaian (inguruko herrietako haurrekin batera), eta besteak autoetan. Eskolan, beste hainbat herrietako lagunekin elkartu dira, protokoloz beteriko ikastetxe handi batean, eta hor etorri da COVID-19aren eragina bete-betean herrira, haur batek positibo eman baitu.
Orain artean burbuila bat-batean bizi ostean, orain bat-batean burbuila apurtu, eta herriko haur ia guztiak etxeetan bakandurik geratu dira. Hamar egunez etxean konfinaturik, PCR probak egin, eta hamaikagarren egunean berriro ere eskoletara. Noiz arte ordea? Noiz arte ibiliko gara herriko haur guztiak bakantzen? Ez ote dago beste aukera hobeagorik?
Bai, noski. Herri txikiek bestelako aukerak eskaintzen dituztela sinetsita, abuztuko arratsalde batean herriko haurren gurasoak elkartu, eta egoera hau gerta zitekeela jakitun, alternatiba bat bilatzen saiatu ginen. Herrian badira udalarenak diren hainbat lokal egoki: garai bateko eskola, eta gaur egungo ludoteka dena, edo udaletxe beheko lokalak. Gune hauek oso egokiak lirateke gure haurrek bertan eskolak hartzen jarrai zezaten, eta horrela, herriko burbuila mantenduz kutsadura katea eten zedin.
Proposamen hau bideratzeko orduan, lehen kontaktua Hezkuntza Sailaren Gipuzkoako lurralde ordezkariarekin egin genuen, eta telefono bidez jakinarazi zigun tankera horretako edozein proposamen irailean lantzea erokeria zela. Erantzun honen aurrean, proposamena zuzenean Hezkuntza Sailari bideratu genion, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburu berriari, hain zuzen, eta gure harridurarako Gipuzkoako Hezkuntza lurralde ordezkariak, Gema Gonzalez de Txabarri Mirandak erantzun digu berriz ere baina oraingoan idatziz, hau esanaz: «Pandemia hasieratik Osasun agintaritza izan da eskolen antolamenduan arauak eta berezitasunak ezarri dituena. Hezkuntzak haiek bete baino ez ditu egin. Gazteluko kasuan, Gipuzkoako beste herri, ikastetxe eta ikasleekin erabili diren irizpide berdinak erabili dira, denentzako baitira neurri berean aplikagarri».
Erantzun honen aurrean Gazteluko gurasook argi adierazi nahi dugu ez dugula tratu bereziturik eskatzen. Egoera berezi honek bide berriak urratzea eskatzen duela uste dugu, eta hortik gure eskaria. Are gehiago, honelako proposamenak herri txiki guztientzako gauzagarriak izan beharko luketela uste dugu; autobus eta autoetan bidaia luzeak ekidin, herri ezberdinetako haurren topaketak murriztu, eta azken finean, herri txikiak burbuila gisa funtziona dezaten ahalbidetzen duelako. Zailtasun administratibo eta teknikoetatik harago, osasuna erdigunean jarri, eta halako proposamen praktikoak martxan jartzea beharrezkoa ikusten dugu.
Ikasturtea hasita egonda ere, Gaztelurako egiten dugun proposamena erabat gauzagarria dela iruditzen zaigu. Hau guztia esanik, Gazteluko gurasook prest gaude elkartzeko, eta egon daitezkeen alternatiba ezberdinen inguruan eztabaidatzeko.
Gazteluko Guraso Taldea