GUTUNA

Aralarko normaltasun zaharra

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Garmendia eta Ibai Beloki 2020ko abuztuaren 1a

Aralarko Natur Parkean aurtengo udan gertatzen ari diren etengabeko arau hausteak direla eta, gure kexa azaldu nahi dugu berriz ere. Mendizale askoren partetik iristen ari zaizkigu arau hausteei dagozkien argazkiak, batez ere pistez kanpo egunero dabiltzan ibilgailuenak, eta baita pistetan ibiliagatik ere baimenik gabe dabilen jendearen ebidentziak.

Familia osoak 4x4ak hartu eta mendira (Alotzaraino) kotxez igotzen, ganaduzale ez profesionalak nahi dutenean eta nahi duten tokietaraino beraien behor edo behiei begiratu bat bota edo ogi zaharrak eramaten...  Garai hauetan hain modan dagoen "normaltasun berria" balitz bezala, badabiltza guztiona den babestutako mendi publiko batetan, beraien rantxo pribatua balitz bezala gora eta behera. 

Ezinezkoa bihurtu da Aralarren kotxerik ikusi gabe mendi buelta bat ematea. Zilegi da hori? Eskubide, onura eta interes orokorra, herritar guztiok natur guneen erabileran eta berauen kudeaketa nolakoa izan behar denaren erabakietan parte hartzeko eskubidean datza. Oso urruti gaude hortik eta berriz eskatzen dugu Aralarko Natur Parkearen zaintza behar den moduan egiten hastea. Beharrezkoak diren neurriak hartuz, bai Enirio-Aralar mankomunitate zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik. 

Maskara ez erabiltzeagatik isunak ordaintzen ari garen honetan, nola liteke Natur Parke batean egiten den arau hauste bakar batengatik ere inork isunik ez jasotzea? Eta ez ordain araztea?
Ibilgailuei dagokienean arauak oso garbi jarrita daude. Ezta hau ordea arazo larri bakarra. Higadura eta lehorraldiak mendia erabat gorritu du; mendizaleentzat iturrietan urik ez egoteraino. Alotzako iturrian esate baterako. Ganadu larriaren gainkarga izugarriak, gogoratu dezagun 1000 buru inguruan dagoela muga eta ia 2000 buru igo direla aurten, lurzoruaren higadura azkartzea areagotu du aurtengoan. Uraska inguruetan batez ere. Eta irtenbidea ez da uraska berri gehiago egitea, planteatzen den moduan, ez...ganadu larriaren kopurua erdira jaitsi behar dela argi azaldu dute bai EHUk eginiko ikerketak eta baita larreen plan berriak ere. Beraz izan gaitezen zintzoak eta egia onartu dezagun. SOS  Aralar!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!