Jar dezagun zaintza erdigunean

Erabiltzailearen aurpegia Matraka Talde Feminista 2020ko apirilaren 22a

Hilabete pasatxo da Covid19-aren pandemiaren iritsierak gure egunerokoa goitik behera aldatu zuenetik, eta guri ere kosta zaigu errealitate honetara egokitzea.

Pandemiaren ondorioz, kontrol neurri zorrotzak ezarri dituzte, eta militarizazioaren bidez, gure gorputzak, gure lurraldeak eta gure bizitzak goitik behera kontrolatzeko mekanismoak jarri dituzte indarrean. Horren ondorioz, elkartzeko, konspiratzeko, eta borrokatzeko eremuak kendu dizkigute, baita Matrakako kideoi ere. Ez pentsa, hala ere, geldi gaudenik.


Zenbait instituzio eta agintariren diskurtsoek gerran gaudela sinetsarazi nahi badigute ere, hau ez da gerra bat. Hau zaintzari eta osasunari lotutako kontu bat da, azken urteetan aldarrikatzen ari garena azaleratu duen krisi bat; kapitalismoak eragindako beste krisi bat. Nola da posible erresidentzietako langileek edota ospitaleetako langileek testik egin ez dietela salatzea? Nola da posible osasun langileek, erresidentzietako langileek edota ospitaleetako garbitzaileek beren burua babesteko materiala falta dutela salatzea? Nola da posible milaka langilek beren lantokietara joan behar izatea osasun larrialde bat jasaten ari garen unean? Nola da posible erresidentzietan kutsatu diren langileak ez dituztela ordezkatu salatzea? Hori da salatu behar duguna: langileok, eta bereziki, emakumeok* aizpiratzen gaituen sistema kapitalista patriarkala. Eta ez, hala sinetsarazi nahi badigute ere, txakurra paseatzen dabilen bizilaguna. Ez gaitezen sistemaren konplize izan.
Krisi honetan berriro ikusi dugu bizitza sostengatzen duten lanak, beharrezkoenak, direla gutxien baloratuenak, feminizatuenak. Ez da kasualitatea. Horiek dira gaur lehen lerrora ekarri nahi ditugunak: erresidentzietako langileak, osasun langileak, etxez etxeko langileak, etxeko langileak –sektore honetan, gainera, gehienak are egoera zaurgarriagoan daude Atzerritarren Legearengatik; asko eta asko kontratu gabe, eta beraz, diru laguntzetatik kanpo–.


Biodibertsitatearentzat jasangarria ez den sistema honetan, lurrari arnasa ematen dioten nekazariak ere gogoratu nahi ditugu; gure esker ona nekazariei elikagai horiek erein eta zaintzeagatik, eta herriko merkatariei, egunero-egunero ateak ireki, eta elikagai horiek eskura jartzeagatik. Krisi honekin batera, hausnar dezagun zer, noiz eta nondik erosten dugun, eta ez dezagun ahaztu hau guztia amaitzen denean. Doakizuela, zuei guztioi, bertso honen bidez Matrakako kideon indarra, miresmena eta esker ona.


Krisi honek agerian utzi du elkar zaintzeko beharra, sareak sortzekoa, komunitatea eraikitzekoa. Krisi honek agerian utzi du mugimendu feminista etengabe aldarrikatzen ari dena: bizitza bizigarriak behar ditugu, pertsonon eta naturaren zaintza erdigunean jarriko duen sistema. Hau guztia amaitzen denean, krisi ekonomiko latza etorriko dela begi bistakoa da, eta ikusten ari gara dagoeneko nori ordainarazi nahiko dioten. Presta gaitezen borrokarako, kaleak hartzeko, zaintza erdigunean jarriko duen sistema bat sortzeko.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!