Krisialdi honek aspaldidanik bizitzen ari garen gabezia asko azaleratu ditu, eta horien artean, oinarrizkoa den bat: zaintza. Gaur egungo sistemak ez du pertsonen zaintza bermatzen, eta beste behin ikusten ari gara nola emakumeok garen krisialdi honetan kolpatuenak; etxean geratu ezinik herritarrak zaintzen ari diren zahar egoitzetako zaintzaileak (gogor salatu nahi dugu Iurramendi zahar egoitzan bizi den egoera, eta denbora luzez instituzioek izan duten arduragabekeria), mediku, erizain zein erizaintzako laguntzaileak (onartezina ere Asuncion klinikako egoera, gogor salatu nahi dugu 30 langileren kaleratzea. Beste behin ere instituzioen esku hartze ezak eraman gaitu egoera honetara).
Zer esan etxeko emakume langileez... azken urteetan adinekoen zaintzaz arduratzen ari direnak dira, eta orain lanik gabe geratzen ari diren lehenak. Eta lanera joan beharrean aurkitzen direnak, lan kontraturik gabe, egoera irregularrean eta segurtasun neurri nahikorik gabe. Honi gehitu behar zaio barne etxeko langileen egoera, etxeko espetxealdi honen aurretik nahikoa kartzela ez bazuten bizi, orain familiar askok debekatu egin diete etxetik irtetea, kaleratuak izateko mehatxupean, birusa kutsatzearen beldurragatik. Zorionez, jakin badakigu, Tolosaren kasuan sortu den zaintza sarearen lan mahaian gaia lehentasunezkoa izan dela, eta hainbat eragileren lanari esker kasu gehienak identifikatu eta behar bezala bideratu direla. Zorionak eta jarrai dezagun bide horretan!
Oso gogoan ditugu ere, nola ez, euren erasotzaileekin etxeetan isolatuak dauden emakumeak. Ez zaudete bakarrik! Urtea hasi zenetik Euskal Herrian hiru emakume erail ditu indarkeria matxistak, eta azkena berrogeialdi hau hasi eta astebetera. Egoera honetan dauden emakumeen arretarako telefonoak (900 840 111 Euskal Autonomia Erkidego mailakoa/ 010 ere Tolosaren kasuan) zabaldu ditzagun lau haizetara eta, era berean, jarrai dezagun autodefentsa feminista aurrera eramaten! Herritar guztiei proposamen hau egin nahi dizuegu: Ez zaude bakarrik leloa daraman paper, oihal moreak idatzi ditzagun eta jar ditzagun gure etxeetako leiho zein buzoietan edota Whatsapeko perfiletan, beharra duenak gertu senti gaitzan eta lasai jo dezan gugana laguntza eskatzera.
Ezin aipatu gabe utzi ere garbitzaile nekaezinak edota etxekoen zaintza guztien arduradun bilakatu diren emakumeak... zerrenda amaigabea zaigu, zoritxarrez.
Egoera honen erdian areagotu den polizia jazarpena ere salatu nahi dugu, bereziki, kolektibo jakin batzuen kontrakoa. Esaterako, Tolosan jokabide arrazista bat baino gehiago gertatu dira, eta zehazki emakume magrebiar batek bere haurrarekin zaborra botatzera joan eta ertzaintzaren partetik bizitako umilazioa salatu nahi dugu. Ez dugu indar polizialen boteretzerik onartuko, eta are gutxiago jatorri edo arraza anitzeko herritarrak gutxiesteko! Jarrera arrazistarik ez! Behar bereziak edo gaixotasun zehatzak dituzten herritarrek ere pairatu behar izan dute jazarpena, etxetik kalera irtetea ezinbestekoa zutenean seinalatzera iristeraino... noraino iritsi behar dugu? Ez gaitezen polizia izan!
Krisialdi honek denak egin gaitu zaurgarri baina batzuk besteak baino gehiago, ez dezagun ahaztu.
Feminista gisa, momentu hau baliatzeko deia egin nahi dugu bestelako jendarte eredu bat hausnartzen eta antolatzen hasteko. Kapitalaren interesak ez baino pertsonen beharrak kontuan izango dituzten politikak premiazkoak dira. Zaintza eredu pribatizatu, familiarizatu eta feminizatuarekin amaitu behar dugu. Injustua izateaz gainera, agortuta ere badagoelako eredu hau. Botere harremanak errotik aldatu eta ardurak kolektibizatzea eskatzen dugu, eta zentzu horretan, txalogarriak dira herrietan sortzen ari diren zaintza sareak. Asko eskertzen dugu Asanblada bezala Tolosako zaintza sareko mahaian parte hartzeko jaso dugun gonbidapena. Egia da, militantzia birtual eredu hau zaila gertatzen ari zaigula baina ziur gaude gure ekarpena egiteko modua topatuko dugula. Hel diezaiegun herriz-herri sortzen ari diren zaintza eredu hauei, eta egin ditzagun publiko eta iraunkor.
Zaintzak erdigunean jartzea, bizitza erdigunean jartzeko lehen urratsa baita.