Gutuna

Baratzean daukaguna ez dut supermerkatuetan erosiko

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Saizar 2020ko apirilaren 3a

33 urte dira nire aitak baratzeko lanari ekin ziola. Orduz gero, garaian garaiko barazki freskoak kontsumitzen ditugu etxean. Zortzi orduko lanaldiaren ondoren, gogotsu ekiten dio egunero lurra lantzeari, porruak landatzeari edota azenario haziak ereiteari. Lurrak bueltan ematen diona, ematen diguna, ezin da supermerkatuetan erosi.

Gure herrian familien ehuneko handi batek du baratzea etxe ondoan eta norbere kontsumorako ekoizten dute gehienek. Badira, ordea, soberan geratzen zaiena aprobetxatu nahian, produktuak herritarren eskura jartzen dituztenak ere. Horretarako, bertako produktuen salerosketarako whatsapp taldea daukagu. Honen aurrean, honako galderak datozkit burura: Nori egiten dio kalte gaur arratsaldean ilarrak biltzera doan emakumeak? Edo bihar goizean eguraldi ona aprobetxatuz letxugak landatuko dituen gizonak? Supermekatuetako ilara luzeetan egoteak arrisku gutxiago balu bezala.

Goitik datozkigun aginduen aurrean, bi bide hartu ditzakegu. Batetik, gizarte kapitalista loditzen jarraitu, eta osasuntsuagoak ez diren eta baratzean usteltzen ari diren ilarren ordez supermerkatutik erostea. Bestetik, entzungor egin eta geure lurretan, geuk goxatuz hazitako barazkiez gozatzea.

Ez nago prest urte osoan zehar etxekoak ez diren barazkiak kontsumitzeko. Horregatik, bigarren hautuaren alde egingo dut, aita nirekin bat badator behintzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!