Villabonako EAJren kritikei erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabona EH Bildu 2020ko ots. 28a, 12:58

Udala inoiz egin den herritarren parte hartze zuzenaren inguruko ariketa garrantzitsuena martxan jartzen ari den honetan, EAJren ekarpen bakarra komunikabideetan argitaratutako oharra izan da. Herri gisa erronka paregabea dugu aurrean eta EAJk guztia lokaztu eta desitxuratu nahi izatea, tamalgarria da.

Jeltzaleen oharrean, herriko elkarte batzuk udalak egindako batzar irekietara ez gonbidatu izana salatzen da eta jarraian, alderdi politikoak ere ez gonbidatzea leporatzen zaio udal gobernuari.

Horiek gezurrak direla salatu behar dugu. Parte hartze prozesua azaltzeko egindako batzar irekietarako gonbidapena guztiei helarazteko, udalean dagoen herriko elkarteen zerrenda erabili da. Tartean daude EAJk aipatzen dituen hiru elkarteetatik bi. Egia da, Odol Emaileen elkarteari ez zitzaiola mezua bidali, ez baitaude inskribatuak zerrendan. Bestalde, udaleko parte hartze batzordeko partaide diren EAJ eta PSEko ordezkariei ere mezua igorri zitzaien batzar irekian parte hartzeko gonbidapena eginez. Gainera, batzar hauetako deialdiaren berri eman zen udal web orrian, sare sozialetan eta eskualdeko komunikabideetan.

EAJri informazioa kontrastatu dezala eskatu nahi genioke eta ez ditzala herriko elkarteak oposizioa egiteko arma politiko moduan erabili.

EAJren oharrean hau irakurri dugu: «Alkatetzak ez ofizialki adierazten du 2 edo 3 proposamen baino ez direla sartuko». Honek zur eta lur utzi gaitu, asmakizun hutsa baita. Noiz esan ditu EH Bilduko zinegotzi batek edo alkateak hitz horiek? Parte hartze prozesuaren garapenak erakutsiko du hori ez dela egia.

«Bilduk dagoeneko iragarri du prentsan herritarren proposamen horietako baten xedea: Larreako parke estalia... herritarrek erabaki baino lehen udal gobernuak erabaki!», dio EAJk.

Larreako parkea estaltzearena EH Bilduren udal programako proiektu nagusietako bat zen. Beraz, hauteskundeen ondoren udal gobernua eskuratuta, proiektua gauzatzea (emandako hitza betetzea) bidezkoa dela ulertzen dugu. Galdeketa batek sinesgarritasuna izan dezan, aurretik egindako galdeketen emaitzak errespetatu eta bete egin behar dira.

Oharrean Beatriz Unzue batzarrean egon ez izana salatzen dute. Alkatea une horretan Tolosaldea Garatzen erakundearen batzarrean zegoen gure udalaren ordezkari gisa lan egiten. Galdetzea besterik ez zuten.

EAJren oposizioa egiteko modu honek elkarlanerako aukerak mugatzera eta etengabeko liskarrera garamatza, herritarren aurrean ikuskizun penagarria eskainiz.

Jarrera hau alde batera uztera gonbidatzen ditugu udalean bidelagun ditugun EAJko kideak. Udal gobernuko jardunean zer hobetu asko dugu, kritika egitea zilegi da, baina ez dugu jarrera eraikitzailea duen oposizioa inondik ere ikusten. Oraingoz, zoritxarrez, horma zurrun eta erasokor batekin egin dugu topo, oraindik batzuk udal hauteskundeen emaitzak barneratu ezinik dabiltzala erakusten duen horma.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!