Eskerrik asko, besarkada handi bat eta osasuna

Erabiltzailearen aurpegia

Bizilagun, kide eta lagun agurgarriak, ez daukagu hitzik 20 urte hauetan jaso dugun elkartasuna eskertzeko. Izan ere, Gazteluko kultur etxeko (aterpetxea) langileak izan garenen gutxiengo lan eskubideak eta duintasunaren errespetua eskatzeko borrokak 20 urte iraun du.

Akordatuko zaretenez, 1984ko irailean, Joxe Kruz Goñi Lizarza alkate zela, kultur etxe-aterpetxea ireki zen. Urtean 17.000 haur baino gehiago etortzen ziren. 5 langile fijo eta asteburuetan eta umeen oporretan 13 langile. Gazteluko kale eta plaza zein inguruko herri txikietakoak ere haurrez betetzen ziren. Herrian jarduera zegoen. Baserritarrak gustura zeuden produktuak saltzen zizkigutelako eta gu ere oso gustura geunden bisitariei kalitatezko produktuak eskaintzen genizkielako. Herritarrak, lanak bukatu ondoren, eta bisitariak, kultur etxean elkartzen ziren zerbait hartzen zuten bitartean hitz egiteko. Gaztelurentzat urte argiak eta alaiak izan ziren; bizia zeukan herria zen, martxan zegoen herria zen, aurrera begiratzen zuen herria zen, etorkizunera.

Hala ere, 1999ko abuztuan, Juan Aranzabe alkate zela, kultur etxe-aterpetxea behin behineko itxi zuten. 1999 irailaren 29an kaleratzea jakinarazi ziguten: behin betiko itxiera. Itxiera interesatua, bidegabea, kapritxokoa, politikoa, mendekuzalea eta ilegala izan zen. Epai batek gure kaleratzea bidegabea zela kalifikatu zuen. Baina mina egina zegoen eta atzeraezina zen udal arduradunen borondate faltagatik.

Itxiera horrekin Gaztelun aterpetxea bakarrik ez zuten itzali, herria ere ilundu zen, handik aurrera gelditasuna, isiltasuna, begirada gogorrak, amorrua eta konfrontazioa; eta noski, gure erabaki irmoa borrokatzeko eta injustizia hori salatzeko; eta horrela iritsi ziren bilerak, asanbladak, kanpaldiak, mobilizazioak, epaiketak, helegiteak, gastuak eta abar, orain arte.

Eta borroka oso gogorra izan arren, bere bertsio krudelenean eman den injustiziari aurre egin diogulako harro gaudela esan nahi dizuegu, harro momenturik zailenetan muturreko krudeltasuna agertuz guri burla egiteko unerik galtzen ez zutenen aurrean ez garelako kikildu; poliziaren jarraipenak gainditu ditugulako, zigor espedienteak, epaitegietan salaketak, epaiketak, eta abar.

Baina baita ere, hori guztia era batera edo bestera babesa eta elkartasuna adierazi diguzuenoi esker izan dela aitortzea justua dela iruditzen zaigu; antolatutako mobilizazioetara joanez, gure kanpaldietan bisitak egin eta lagunduz, eta abar. Maitasunez gogoratzen zaituztegu goizeko aurreneko orduetan karabanara edo dendetara kafesnea, opilak eta prentsa; eguerdian bazkaria, merienda eta afaria ekartzen zizkiguten zuetako bakoitza eta guztiak. Oso babestuak sentitu gara beti. Borroka honek hobeto ezagutzeko eta zuen maitasuna, elkartasuna eta babesa konprobatzeko aukera eman digu, elkartasun hori gabe gure borroka ezinezkoa zen.

Denon artean Gazteluko aterpetxearekin egindako astakeria ikustaraztea lortu dugu. Espero eta desio dugu beste inon ez errepikatzea.

Galtzen den borroka hasten ez dena da.

Eskerrik asko, besarkada bat eta osasuna.

 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!