U30 Greba Orokorra

Greba orokorraren biharamuna

Erabiltzailearen aurpegia

Urtarrilaren 30eko greba orokorra iragarri genuen, azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jartzeko eta alternatibak badaudela oihukatzeko. 

Hasieratik greba orokor honetarako oztopoak jartzen saiatu ziren bai patronala eta baita erakundeak, hainbat sindikatu eta komunikabide ere. Patronala badakigu noren mesedetan dagoen, baina erakundeei herritarren mesedetan aritzea exijitu behar diegu. Grebara ateratzeko arrazoiak soberan ditugu. Aldarrikapen taulako neurri asko gauzagarriak dira. Borondate politikoa da behar dena.

Datuak kezkagarriak dira: soldaten batez bestekoa %8 jaitsi da azken hamarkadan, 100.000 herritarretik gora muturreko pobrezian daude (597 eurotik behera), emakumeok soldata eta pentsio arrakala pairatzen dugu, behin behinekoa da... Euskal oasia?

30 puntuko aldarrikapenekin irten ginen kalera: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 1.200 euroko gutxieneko soldata, babes soziala, arrakalarekin amaitzeko neurriak eta abar.
Greba orokor honetara egoera sozial kaxkarrarekin iritsi gara, baina aktibazio sozial handi batekin. Honi esker, aurreko greba orokorretan ez bezala, oraingoan Tolosaldeko herri askotan greba batzordeak sortu dira.

Greba orokorraren bezperatan jarraipena zabala izango zela ikusten hasiak ginen. Eta urtarrilaren 30ean Tolosaldeko industria enpresa nagusienak, ikastetxeak, udaletxeak, saltoki handiak eta industriagune gehienak hutsik egoteaz gain, herrietako merkatari eta ostalariek ere grebarekin bat egin zutela agerian geratu zen.

Langile klaseak eman duen erantzuna txalotzekoa izan da. Mobilizazioetan kaleak betetzera iritsi ginen. Pentsionistak, gazteak, feministak, langileak… Bakoitza bere aldetik baino, elkarrekin indartsuagoak garela erakutsi dugu.

Gure aldarrikapenak agendaren erdigunean jartzea lortu dugu. Lan, pentsio eta bizitza duinak guztiontzat!
Haizea Mendia, Tolosaldeko LAB sindikatua

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!