Enirio-Aralar

Aralarko pistak, gaiak eta epaiketak

Erabiltzailearen aurpegia Amezketa Etorkizun 2019ko abe. 11a, 19:57

Abenduaren 3an, Amezketa Etorkizun udal taldeak bilera ireki bat ospatu zuen Amezketako ganaduzaleekin Aralarko gaien inguruko berri eman, beraien kezkak jaso eta aurrera begira zer egin erabakitzeko.

Bileran gai desberdinak hitz egin zituzten: Enirio-Aralar Mankomunitatearen azken urteetako ibilbidea, legealdi berriko mankomunitateko dinamikak, Aralarko larre plana, eta abar, baina bileraren gai nagusia zera izan zen: Goroskintxu eta Enirio-Igaratza pistak direla eta, irekita dauden bi epaiketa prozesu penalak.

Goroskintxu eta Enirioko bidea egokitzeko lanetan beharrezkoak izan diren pertsonen kontrako epaiketa izaten ari da: GFAko ordezkariak, ordezkari teknikoak eta mankomunitatean pistaren alde azaldu diren udal ordezkariak (Abaltzisketa, Altzaga, Amezketa, Arama, Beasain, Lazkao, Ordizia).

Enirioko bidearen inguruko deklarazioak epaitegietan 2020ko urtarrilaren amaieran hasiko dira.

Deklaratzera deituak izan diren mankomunitateko ordezkariek, beraien defentsa prestatu ahal izateko, abokatuen laguntza beharrezkoa dute. Abokatu hauen zerbitzuak ordaindu egin behar direnez, mankomunitateko zazpi ordezkariek laguntza ekonomikoa eskatu diote mankomunitateko lehendakariari.

Gaia presazkoa eta garrantzizkoa izanik ere, gaur da eguna oraindik mankomunitateko lehendakariak zazpi ordezkariei erantzunik eman ez diena.

Honek auzipetuak babesgabe egoera batean jartzen ditu eta mankomunitateko lehendakariaren jarrera agerian uzten du oraindik erantzunaren zain daudelako.

Egoera larri honen aurrean, Amezketa Etorkizun udal taldeak uste du, ganaduzale zein gainerako erakunde eta ordezkariek ezin dutela geldirik egon. Horregatik herriko ganaduzaleekin bilera egin zuen eta epaitegietan salaketak jarri zituzten Landarlan eta Eguzkiri epaiketen prozesua bertan behera uzteko eskatuz. Baita ere, mankomunitateko lehendakariari eskari bat luzatzen zaio auzipetuen aholkularitza juridikoko kostuak mankomunitateak bere gain hartu ditzan eta kaltetuei ahalik eta azkarren erantzun diezaien. Bukatzeko, mankomunitateari, udal ordezkariei, nekazaritza eragileei eta gainontzeko eragileei eskatzen diete bakoitzak bere lekutik ahalegina egin dezala epaiketetako prozesu hau bertan behera uzteko eta auzipetuei behar den babesa emateko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!