Denborak zauriak sendatzen dituela esaten da, baina guri oraindik ez zaigu itxi eta min ematen jarraitzen digu.
Hamar urte igaro diren arren, ezin dugu eta ez dugu ahaztu nahi 2009ko uztailaren 31n gertatu zena.
Egun hartan, Remi Ayestaran Amasa-Villabonako herri ordezkari bezala ari zen lanean, Ertzaintzaren probokazioetan erori gabe, festak bakean bukatu zitezen ahaleginean. Baina ez zioten utzi, bihotza leherrarazi zioten.
Oraindik inork ez du azalpenik eman ezta ardurarik bere gain hartu ere.
Horregatik, egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa exijitzen jarraitu beharra daukagu.
Bada garaia Remiri zor zaion aitortza egiteko!
Urtero bezala, uztailaren 31n omenaldi xume bat egingo diogu 20:00etan, Errebote plazan. Orain artekoak bezala, herritik sortu eta herriak eskainitako ekitaldia izango da. Aurten gainera festa batzordeak hala erabakita, udal gobernu berriak omenaldia jai egitarau ofizialean sartzea erabaki du. Aurreko gobernuak ezarritako betoa gainditu dela ikusteak poztu egin gaitu, Remik merezi zuela uste baitugu.
Bertan elkartuko garelakoan, eskerrik asko urte hauetan guztietan gure aldarriarekin bat egin duzuen guztiei. Eta nola ez, eskerrik asko baita ere, omenaldian musu-truk parte hartu izan duten denei.