Kaixo Javier, Aita, Aitona,

Erabiltzailearen aurpegia Maritxu, Agurtzane, Orkatz, Aitziber, Bidatz, Mattin eta Itzea. 2019ko uzt. 5a, 11:57

Zer moduzko bidaia izan ote duzu? Gurea bezain gogorra, ziur; zailak dira eta horrelako ezusteko banaketak. Guk inoiz izango dugun ustekaberik handiena jaso genuen astelehenean, sanjoan egunean. Ez genuen sinesten gertatutakoa: zenbatetan lagundu zenuen bidegurutze hartan! Baina bizitzak horrela jokatzen du: galdu egin ohi dugu! Zer esan astelehen hartaz! Une gogor, luze eta bakartiak: familia nahigabean, norbera berean, hitz gutxirekin...

Agurtu zintugun, behintzat, eskerrak, osasun-langile fin eta gozoei! Biharamuna are latzagoa: esperantzarik ez! Baina bazen inguruan zerbait, ondorengo bi egunetan sumatu genuena: inurri ugariren lana, familiari hauspotu ziguna, oraindik zer zen jakin ez arren..

Asteazkenean hil zinen, gure negar, muxu eta agurren ondoren; eta ostegunetik aurrera izan genuen aukera agurtzeko zure eta gure lagunen artean. Orduan bai, ulertu genuela zer zen indar hura! Inurritegi hura, mugitu baitzen! Zure moduko inurri andana: lanean nekaezin gure inguruan; laguntzeko, goxatzeko, negar egiteko; behar zenerako, finean. Ezin konta, zenbat etorri zitzaizkizun agurtzera: senideak, lagunak, lankide eta lankide ohiak, txirrindularitzako kideak, bizilagunak... Makina bat ahaztuko zaizkigu, eta ez genuke nahi!

Ostiralean, berriz, azken agurra: ez zaitugu berriz ikusiko Javier, Aita, Aitona! Gure minak eta negarrak zaildu ziguten eguna. Hilerrira bidean, ordea, barruak eman zigun buelta! Espero dugu ikusiko zenuela hilerriko bidea: zenbat txirrindulari, zenbat txirrindularitzako kide, eta zenbat lagun! Une oso zailak sortu zizkigun, baina zein ederrak! Gure negarrek ez dute estaliko sortu zigun zurekiko harrotasuna: zuk haiei emandakoa jaso genuen guk bueltan! Zure oroimenarekin gordeko dugu bihotzeko txokoan une hura!

Hileta elizkizuna izan zen ondoren, eta ezin, bada, ahaztu han zegoen jendetza: gutxi batzuekin egongo ginen, ezin guztiengana iritsi eta! Nonbaitetik ikusiko zenuen, nola ez, eta badakigu gu bezainbeste eskertzen diezula guztiei!

Javier, Aita, Aitona, hau da gure azken agurra! Zaila bezain gogorra izan da zugandik banatzea, baina arindu zaigu mina, zinez, inurri nekaezin horien laguntzaz! Lagun bat galdu dute, ordezkaezina, baina familia baten eskerrona irabazi dute, bizitza osorako gordeko duguna!

Hurrena arte Javier, Aita, Aitona! Gorde zu zauden helmugan txoko bat guretzat iristen garenerako!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!