Eskerrik asko

Erabiltzailearen aurpegia Bakarne Otegi Jauregi, Ikaztegietako alkatea 2019ko eka. 26a, 19:58

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiet ikaztegietarrei beste lau urtez Ikaztegieta ordezkatzeko aukera emateagatik. Orain lau urte bezalakoxe ilusioarekin hartzen dut kargua eta esan, pasa den legealdian bezala, ikaztegietar guztien alkate izaten saiatuko naizela.

Eskerrak eman, bukatu berri dugun legealdian taldekide izan ditudanei; musu truk herriaren alde egin duten lan guztiagatik. Ohore bat izan da zuek taldekide izatea. Asko erraztu izan dizkidazue lanak eta oso oroitzapen politarekin geratzen naiz. Orain, disfrutatu ezazue udaleko zereginek denbora horretan kendu dizueten denbora libreaz.

Eskerrak eman nahi dizkiet baita ere, atzetik herriaren alde lan egin duten herritar guzti horiei. Bai lantaldeetako bileretan edo antolatu diren ekitaldi guztien antolakuntzan parte hartu duten guztiei; beraien lana ere ezinbestekoa izan da. Hasi berri dugun legealdi honetan ere, nahi duen herritar orok, aukera izango du herriaren alde lan egin nahi badu.

Taldekide berriei eskerrak eman nirekin taldean etortzeko aukera egin duzuelako, hau dena ez da berria zuentzat, beraz ziur nago primeran egingo duzuela zuen lana.

Eta oposizioko hiru zinegotziei esan, elkarlanerako ateak irekita dituztela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!