Bilera deialdi ezberdinak luzatu dizkiogu enpresari eta ez dugu erantzunik jaso. Beraz, argi dugu zuzendaritza honek ez duela langile batzordearekin bildu nahi.
Langileak badoaz, batez ere medikuak eta erizainak. Esaten gentozen bezala, zerbitzu honen kudeaketa arduragabea eta lan baldintza txarrak izan dira egoera honen errudunak. Eta honek, Tolosaldean bizi garen herritarren osasun zerbitzuan eragiten du bete betean, egoiliarraren segurtasuna arriskuan jarriz.
Klinikaren etorkizunaren berri ere ez dugu. Zein motatako zerbitzua eskainiko du zentroak? Zer gertatuko da gure lanpostuekin? Tolosako udal gobernuak proposamenik gabeko planez hitz egiten du, langileak kontuan hartu gabe, eta honek, langileon artean kezka eta ezinegona areagotzen du.
Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adarra jotzen digu. 25 urte dira Tolosaldeko biztanleei zerbitzu publikoa eskaintzen diegula, gure Osakidetzako lankideek eskaintzen duten zerbitzu berdina eskainiz, lan baldintza okerragoetan arituz, eta inongo aitorpenik gabe. Osakidetzako Enplegu Publikorako Eskaintzetan, administrazioarentzako lanean pasatako denbora ez zaigu balioan jarri, urte luzez osasun publikoarentzako lanean jardun dugun arren.
Horregatik, klinikako zuzendaritzari, eta Asuncion Klinikako lehendakaria den Jesus Gomez Montoyaren poltsikoak diruz betetzeaz arduratzen diren politikoei, erantzunak eskatzen dizkiegu. Bestetik, klinikako zuzendaritzari ere, Langileen Batzordearekin ahal den azkarren biltzea eskatzen diogu, erantzunak behar ditugulako. Azkenik, EAJ-ri klinikaren etorkizunaz proposamenik izan gabe hitz egiten duenean, seriotasunez aritzeko eskatzen diogu, osasun zentroaren eta bertako 300 langileren etorkizuna argitzearekin batera.