Naparra kasua: aldi baterako parentesi bat

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria Alvarez, Naparraren anaia 2019ko eka. 13a, 11:58

Ekainaren 11n, asteartean, 39 urte bete dira gure anaia Jose Miguel Etxeberria Álvarez, Naparra, bahitu eta bortxaz desagerrarazi zutenetik, BVE taldeak erreibindikatu zuen ekintza batean.

1981eko ekainaren 14an, Alegia-Tolosaldeako plazan (han jaio baitzen gure aita Patxi), bere oroimenezko lehen ekitaldia egin genuen. Bi urte geroago, ekitaldi hau familiaren baserrian hasi zen egiten. Bertan anaia gogoratzeko monolito bat ezarri zen, eta han, azken hogeita hamabost urteetan, ekainean, egin izan dugu anaiaren omenaldia, etengabe.

Joan den urteko ekitaldia oso berezia izan zen. 2018ko maiatzean lortu genuen prozedura judiziala abiaraztea, Landetan bigarren indusketa martxan jartzeko, berriz ere anaiaren hilotza aurkitzeko esperantzarekin. Horrek arnasa hartzeko aukera eman zigun.

Une honetara iritsira, gogoratu behar da 2015eko abenduan, CESIDeko agente ohi batek Iñaki Errazkin kazetariari eman zizkion datuei esker, lortu zela kasua berriz irekitzea Audientzia Nazionalean (2016ko irailean). Hori dela-eta, 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko titular Ismael Moreno epaileak erregu-eskaera egin zion Frantziako justiziari indusketa bat egiteko; horretarako, Paco Etxeberria forentseak egindako peritu-txostenak garrantzizkoak izan ziren, haietan esaten baitzen agente ohiak egindako deskribapenaren arabera, bi toki zehatz izan zitezkeela gure anaiaren gorpuzkiak egoteko toki probableenak.

Frantziako agintari judizialek eta poliziak sei hilabeteko lan bat egin zuten, eta horren ondoren finkatu zen indusketa egiteko eguna: 2017ko apirilaren 4a. Frantziako agintariek erabaki zuten txostenetan aipatzen zen toki bakar batean zulatzea, eta bigarren tokian indusketa egitea erabat baztertu zuten. Goizez eta arratsaldez bost orduz aritu eta gero, ezer aurkitu ez zutelarik, indusketa lanak amaitu ziren. Horrenbestez, Frantziako agintarientzat beteta geratu zen Moreno epaileak erregu-eskaeran eskatzen zien lana. Hori horrela, bai Audientziako epailea eta bai fiskaltza kasua berriz ixtearen alde agertu ziren. Irtenbide bakarra geratzen zitzaigun: legearen eta epaitegien bihurguneetan borrokan segitzea bazter utzitako bigarren tokian begira zezaten lortzeko.

Eta gure harridurarako, aurkeztu genuen apelazio-errekurtsoa onartu zen, eta ontzat eman zituen gure eskaerak; horien artean, erregu-eskaera berri bat egitea Frantziako agintariei, bigarren gune horretan ere indusketa egin zedin. Beraz, Ismael Moreno epaileak berriz egin behar izan zien erregu-eskaera Frantziako agintariei. Lehen saioan aldez aurretiko ikerketa guztiak eginda zeudenez, ezkor jarrita ere, uste genuen bigarren indusketa hau 2018ko udazkenean egingo zela, beranduenez ere.

Egunak bazihoazen, eta espero genuen deia ez zen iristen. Gure amatxok hasieratik zekien bere etsairik handiena denbora zela. Jakitea eta sentitzea itzaltzen ari zarela, eta ez duzula lortu bizitza oso bateko borrokarekin lortu nahi zenuena: zure ondotik eramandako semea berreskuratzea. Joan den azaroaren 29an ama zendu zen. Bi aste lehenago, etxean, hauxe esaten zidan: “Eneko, zer gertatzen ari da? Nik ezin dut gehiago itxaron. Goazen toki hartara eta geronek egingo dugu”. Nik esaten nion, “zer ama, pasatuko gara aurretik baserritik, aitzurrak hartzeko? Eutsi, ama, eutsi. Etxera ekarriko dugu. Eutsi".

Eta gaur da eguna, bigarren erregu-eskaera egin eta hamahiru hilabete pasatu diren honetan, oraindik ez daukaguna erantzunik Frantziako agintarien aldetik. Oraindik ez diote Espainiako justiziari erantzun, eta guk ez dakigu zer arrazoi duten bigarren indusketa hau geroratzeko. Ez zaigu buruan sartzen zer arrazoi egon daitekeen horretarako.

Aurten, gure ama Celes ez dagoenez, erabaki dugu ez egitea omenaldi-ekitaldirik. Inork ez dezala pentsa horrek esan nahi duenik amore ematen dugula. Ezta pentsatu ere. Jose Miguelen gorpuzkiak berreskuratzeko borrokan segituko dugu, jakitun garelarik, Nazio Batuen Erakundeak aitortu zuen bezala, bortxaz desagerraraziko biktima baten familiarrak garela, eta hortaz eskubidea daukagula egia jakiteko, justizia eskatzeko, erreparaziorako eta gertaerak errepikatuko ez diren bermea edukitzeko. Beraz, erabaki hau une honetan ireki nahi izan dugun parentesi bat bezala ulertu behar da.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan gurekin egon diren pertsona eta kolektibo guztiei. Badakigu beren laguntzarik gabe ez genuela lortuko lortu dugun guztia. Eta badakigu, halaber, parentesi hau ixtea erabakitzen dugunean, beren laguntza guztia izango dela beharrezkoa, berriz ere; beharrezkoa eta ongi etorria.

Mila esker guztioi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!