Lanean jarraitzeko indarra zarete

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo EH Bildu 2019ko ekainaren 6a

Idatzi honen bidez, Zizurkilgo EH Bilduko kideok eskerrak eman nahi dizkizuegu. Gure aurreikuspen onenetan ere irudikatu ezin genezakeen boto kopurura iritsi ginen, maiatzaren 26an. Parte hartze zabalarekin inoiz alderdi batek Zizurkilen lortutako emaitzarik onena eskuratu dugu, 825 botorekin. Ez dugu ukatuko, babes zabal horrek poz handia ematen digu.

EH Bilduk zortzi urte daramatza udal gobernuan, eta, zortzi urte eta gero, emaitza horiek lortzeak bereziki pozten gaitu, baina, era berean, emaitza horiek ardura erantsiarekin hartzen ditugu.

Pozik eta harro gaude, baina harrokeriarik gabe. Umiltasunez eta gertutasunez lan egingo dugula agintzen dizuegu. Esan dugu, behin eta berriz, azken asteotan, herrigintzatik gatoz eta herritik gertu lan egiten jarraituko dugu udalean ere. Horretarako badugu kontratu bat: hilabeteotan landu dugun herri programa. Berau izango da gure ardatza hurrengo urteetan. Eta egitasmo eta proiektuak behar bezala garatzeko ezinbestekoa izango dugu zuen guztion parte hartzea.

Saiatuko gara zizurkildar guztien alkate eta zinegotzi izaten, bozkatu gaituztenen eta ez gaituztenena, eta oposizioko alderdiei lanerako deia egiten diegu. Nahi badute, lanean topatuko gaituzte.

Hauteskundeetako emaitzen balorazio lasaiagoa egin eta aurrera begira jartzeko, Zizurkilgo EH Bilduko kideok batzarra egingo dugu ekainaren 12an, asteazkenean, 19:30ean, Atxulondo kultur etxean. Gonbidatuta zaudete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!