Orduan batzuei hutsala edo beharrezkoa ez zela iruditzen zitzaien hura gorpuztu, sustraitu eta ezinbestekotu dutenak, neurri handian, eraikin honetan lan egin duten irakasleak izan dira. Horietako bat, pasa den larunbatean zendu da, Jose Luis Longaron.
Ez dut pertsonalki niretzako izan denarekin luzatu nahi: lagun eskuzabala, argia, alaia, umoretsua, atsegina eta gizon ona. Ez da gutxi.
Kultur etxean egindako lana da, batez ere, goraipatu nahi dudana. Berak eta berarekin hasi zirenek (Iñaki Epelde, Amaia Biurrun, Arantza Munita) kultur etxeko lantokiak espazio irekiak izatea nahi izan zuten, ikasleentzako ikasteko eta topatzeko leku bat sortzea, ahalik eta hesirik gutxien izango zituena, eta zinez lortu zutela esan behar da.
Ehunka dira Jose Luis Longaronen ikasgelatik pasa direnak, eta gehienak nirekin ados egongo direla uste dut: berarekin lortu zuten deskubritzea barruan zeramaten pintatzeko gaitasuna, baina, honetaz aparte, bere hurbiltasunak eta gizatasunak egunero zerbait ikas daitekeela erakutsi zien, askotan konplikatua edo urruna iruditzen zaiguna gure eskura egon daitekeela gauzak patxadan eta umorez hartzen baldin badira.
Jose Luisek erakutsi zigun, ikasleei eta ikasle izan ez ginen bere lagunoi, musika isil batetik, edo zerbeza batzuen inguruko solasaldi lasai batetik gehiago aurrera genezakeela ponpaz betetako akademizismo eta hitz handietatik baino. Errekonozimendu eta zurikeriaz aparte bizi nahi izan zuen, eta horrela joan zaigu, azken arte lagun guztiei «laster arte» irribarretsu eta diskretu batekin diosala eginez.
Hitz hauek ere diskretuak izatea nahiko nuke, errekonozimendu txiki eta justu bat. Adio, Joselu.