Familiari jakinarazi gabe egin diote ebakuntza Eguesi

Erabiltzailearen aurpegia Ana Belen Egues Gurrutxagaren lagunak 2019ko api. 17a, 08:54

Ana Belen Egues Gurrutxaga euskal preso politiko elduaindarrak 17 urte paseak daramatza espetxean. Egun Kordobako espetxean aurkitzen da isolaturik eta bakarturik (etxetik 875 kilometrora).

Duela ia 3 urte, bizkar hezurreko arazo batekin hasi zen eta denborarekin okertzen joan zaio, behar bezalako osasun arretarik ez diolako eman espetxeak. Joan den urteko ekainaren 9a arte ez du inongo sendagile espezialisten benetako arretarik jaso, denbora horretan.

Barakaldoko Gurutzetako ospitalean ebakuntza egiteko eskaera egin zuen, bai ebakuntza bera zein ondorengo egunetan familiarengandik hurbil egon zedin. Epaileak, ordea, ukatu egin zion aukera hori; eskaera hori Ana Belen Euskal Herriratzeko aitzakia besterik ez zela argudiatuz.

Kontuak horrela, otsailaren 19an, Kordobako espetxeko deia jaso zuen bere sendiak, Ana Beleni goiz horretan ebakuntza egin ziotela esanaz. Ebakuntza egin aurretik sendiari abisatuko zitzaiola esan zioten, baina esandakoa ez dute bete eta ez dute deirik jaso ebakuntza egin arte. Ebakuntza ondo atera omen da eta bera indartsu eta animatuta dago, nahiz eta, ebakuntzaren ondorengo oinazeak izan. Orain, lau hilabetez gerriko bat eraman beharko du zirujauaren aginduz, alde hori indartzeko eta mugimendu arrarorik ez dezan egin (zaila espetxeko arauekin...).

Ebakuntza egin zion zirujaua profesional ona eta atsegina izan da berarekin. Zirujauak azaldutakoaren arabera, ozta-ozta libratu omen da; operazioa beranduago egiteak ondorio latzak ekarri omen ziezazkiokeen.

Espetxe politika anker honek, hau da, isolamenduak, zigorraren luzapenak, urruntze politikak… presoaren osasunean eragin zuzena du.

Espetxeko osasun baldintza kaskarrak, espetxeak berak instituzio gisa, hala nola, zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak osasunean eragin negatiboak dituzte.

Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen.

Ezin ditugu segurtasun politiken aitzakiapean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikak onartu. Ezta ere, ezartzen zaizkien salbuespenezko legediak. Muturreko egoera hauek zuzeneko eragina dutelako euren osasunean.

Horregatik, presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, eragile sozial, sindikal, politiko eta norbanako ororen inplikazio eta laguntza behar ditugu.

Denon artean eta guztion bultzadaz lortuko baitugu euskal presoen oinarrizko eskubideak betetzea, eta konponbidearen eta bakearen barruan urratsak ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!