Baina praktikan, EAJ izan da, hamarkada luzez, Euskal Herriko emakumeon gehiengoa, zapalkuntzarik gordinena jasaten dugun langileak, gehien eraso eta kolpatu duena. Noski, eraso horien buruan ere badaude Itsaso Atutxa, Cristina Uriarte, Arantxa Tapia, eta abar. Guk argi dugu: Kanpora EAJ Martxoaren 8tik!
Iaz, EAJk argi esan zuen ez zuela greba babestuko, ez zitzaiolako modurik eraginkorrena iruditzen. Aurten, Itsaso Atutxak honakoa esan du: «EAJ ez da greben alderdi bat, baina mugimendu honetara batzeak are gehiago inplikatzen gaitu eta agenda politikoan benetako berdintasunaren auzia jar dezake. Nahiz eta nik Martxoaren 8an greba egitea soilik sinbolikoa izan, politika jarrera egokiekin sinbolizatzea lortu behar dugu».
Argi dago patronalarentzat eta bere zerbitzari den eskuinarentzat enbarazu handia direla grebak, greba orokorrak auzi oso konkretua jartzen duelako mahai gainean. Langile klaseak, gizartearen %99ak, guztia geratzeko boterea du, miseriara kondenatzen gaituzten %1eko bizkarroien aurrean. EAJk, baina greba zerbait sinboliko bihurtu nahi du aldarrikapen abstraktuak planteatuz eta gezur handi bat txertatuz: emakume guztiak berdinak garela.
Ez da kasualitatea emakume langileek egin dituzten borroka sindikalak, EAJk sakonean murriztu eta pribatizatu dituen sektore eta zerbitzuetan egin izana. EAJko ordezkariak, izan gizonezko edo emakumezkoak, patronalen alboan kokatu dira.
Hainbat ikastetxetan, zuzendaritzatik, Martxoaren 8an ikasleek greba egiteko hamaika mehatxu eta eragozpen jartzen ari dira. Euskal Herrian hezkuntza inon baino pribatizatuagoa daukagu, eta Eliza katolikoak, bere propaganda atzerakoia, matxista eta homofoboa hedatzeko erabiltzen du.
Gainera, EAJk inoiz ez du inolako arazorik eduki mozal legea aplikatzeko. Iaz, Emakume Aske eta Borrokalariei eta Ikasle Sindikatuari, beste kolektibo feminista batzuekin batera, isuna ezarri zien Gasteizko Udalak, Martxoaren 8ko grebara deitzen zuten kartelak itsasteagatik. Eusko Jaurlaritzak prostituzioa ere erregulatu nahi du, Ikuskizun Publikoen eta Jolas Jardueren Legearen bitartez. Horrela, emakumeen gorputzen esplotazio basatiena beste edozein negozioren parean jarri nahi du.
Gure borroka iraultzailea eta antikapitalista da. Langile familietako emakume eta gazteok jasaten dugun zapalkuntzak ez du zerikusirik burgesiako emakumeekin. Ez dugu lanuzte edo greba sinbolikorik nahi. Grebarekin eta kaleko borrokarekin politika kapitalistak eraistea lortu behar dugu. Horregatik, langile klaseko gizonei ere dei egiten diegu, greba egin dezaten, eta gaur kalera irten daitezen.