Utzi bakean Orixe

Erabiltzailearen aurpegia Orixeko irakasle taldea eta Asmoberri Guraso Elkartea 2019ko ots. 27a, 11:59

Azken hilabete eta erdi honetan Orixeko komunitatea astindu dute hainbat gertakarik. Urtarrilaren 14an bertako ikasle batzuk Youtuben argitaratutako bideoa izan zen ustez lehena.

Bideoan ikasle batzuen hainbat kezka eta ezinegon plazaratzen ziren (guk dakigula ez zen aurrez ikasleen bilera orokorrik edo asanbladarik izan) eta hainbat eskaera egiten ziren. Bideoaren edukiak baino gehiago harritu gintuen kezka horiek adierazteko erabiltzen ari ziren bideak, eta batez ere, ikastetxetik kanpo zabaltzeko interes horrek, izan ere, ikastetxeak baditu horiek bideratzeko mekanismoak.

Egunak aurrera joan ahala egoera korapilatzen joan zen. Ikasleek egin zuten salaketa hark gure barne arautegiko hainbat puntu urratzen zituela ondorioztatu zen eta arautegia jarraituaz neurri zuzentzaileak proposatu ziren.

Ikasle batzuk salaketa dinamikarekin jarraitu zuten, firma bilketak eginez, kirats eta zarata eguna antolatuz eta otsailaren 19rako eskualdeko greba deituz, otsailaren 22ko 'baterajotze nazionalera' iritsi arte.

Egunak pasa ahala, gure komunitateak gero eta gutxiago ulertzen zuen gertatzen ari zena, epe labur batean Euskal Herri osoak gure ikastetxean jarriak zituen begiak eta ezin genuen sinetsi, etxe barruan ebatzi zitezkeen hainbat kontuk nolatan hartu zuten halako dimentsioa. Zergatik tematu ziren kanpoko eragileen bidez kudeatzen?

Baina ulertu dugu. Kosta zaigu, baina ulertu dugu!

Istorio hau ez zen urtarrilaren 14an hasi. Ez, honen jatorria bilatzeko atzerago jo behar dugu, hiruzpalau hilabete atzera. Ikasle munduan saretu nahi duen erakunde batek estrategia bat diseinatu zuen eta estrategia honen azken helburua indar erakustaldi handi bat egitea zen, etorkizunean ikasle mugimenduan sendo kokatu ahal izateko. Zer behar zuten horretarako? Eraikinean erraz sartu ahal izango zuten ikastetxe bat , estrategia hori gauzatu ahal izateko beharrezko zituzten ikastetxe bertako giza baliabideak, eta bertako ikasleek bat egin ahal izango zuten aldarrikapenen bat. Eta hala izan ginen hautatuak, hala bilakatu ginen orain arte ulertu ezin genuen egoera baten protagonista eta biktima.

Ikasleen eskaerak babesten omen dituen erakunde horri bost axola izan zaizkio ikasleen ikas-baldintzak, izan ere Orixeko ikasleen egunerokoa hankaz gora jartzea eta giroa petraltzea zen estrategiaren zati garrantzitsuenetakoa. Beraien garaipena aldarrikatzea izan da helburu bakarra.

Ekuazio hau askatu dugunean ulertu ditugu hainbat gauza:

1. Ikastetxe barneko mekanismoak erabiltzeari muzin egin eta zuzenean Youtube bidez aldarrikapen eta eskaerak egitea, mediatizazioa helburu izanik.

2. Aipatutako ikasle mugimenduak bitartekaritza eskaintzea:

Azken finean, helburua ikasle mugimendu horren presentzia ikas eremuetan sendotzea izan da. Alderdikeriaz jokatu dute.

3. 'Baterajotze' nazionala deitua zegoen egunean zuzendaritzarekin bilera bat egitea eskatzea. Intimidazioaren bidez negoziazio mahai bat lortzea. Izan ere, jakinda Orixe eraikin zaharrean sartzea eta teilatuetara igotzea zein erraza den, argi daukagu ikastetxea okupatu eta, are gehiago, blokeatu nahi izan zela. Zertarako? Balizko 'negoziazio mahai' horretarako presio gisa erabiltzeko. Gazte batzuk teilatura igo eta pankarta bat jarri zuten. Gure susmoa da, horrez gain, ikastetxea okupatzea zela beraien estrategia. Edonola ere, ez zuten erabat lortu eta hori ikusirik ikuskariek eskainitako asteleheneko hitzorduari heltzea baino ez zitzaien gelditu.

Eta hemendik aurrera, zer...

Amets gaizto moduan gogoratu nahi genuke jasandako guztia. Beste edozein hezkuntza komunitate gisa jokatu nahi dugu. Hezitzaileak garen heinean eta hezkuntzaren ikuspegitik, beti ditugu irekiak ikastetxeko kontuez hitz egin eta hobetzeko bideak bilatzeko foroak, beti ere, elkarbizitzari minik egiten ez dioten baliabideak erabiliz noski.

Eguneroko lanean indarra jarri nahi genuke eta komunitate indartsu bat osatu, non bertako kide bakoitzaren ongizatea bilatzen dugun. Baditugu indarguneak, baita ahulguneak ere, eta horiek ezagutuz, eguneroko jardunean aurrera egitea dugu helburu, denen parte hartzea bultzatuz.

Asko eskatzea al da?

Utzi bakean Orixe.

Orixeko irakasle taldea eta Asmoberri Guraso Elkartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!