EPPK-k martxan jarritako bidea jarraituz nire egoeraren berri ematera nator zuen aurrera. Egia esan bi lerrotan laburbildu nezakeen, Puerto III-ko espetxe honetan duela 9 urte bezain zapalduak edo zapalduago gaituzte euskal presoak.
2009ko martxoak 1ean izan nintzen atxilotua, duela bederatzi urte pasatxo, eta Ertzaintzak bost egunez inkomunikatu eta torturatu ondoren Estatu espainiarrari entregatu ninduen. Ordutik Soto del Real, Picassent eta Puerto III-ko espetxeetan izan naiz dispertsatua. Gaur egun Puerto III-ko espetxean naukate bahiturik nire senide, lagun eta herritik 1000 kilometrotara.
Azken espetxe honetan nire bizitza honelakoa da: 9:00tan patiora jaitsi eta 13:30etan bazkal ondoren ziegara itzuli; arratsaldean 19:00tan afaltzera jaitsi eta 19:40etan ziegara bueltan. Modulu bakoitzetik kanpo, badaude instalazio ezberdinak (kiroldegia, informatika gela, eskola, aretoa, liburutegia...), aktibitate desberdinak ere eskaintzen dira, baina euskal preso politikook guztiz debekatuta dugu bertan parte hartzea.
Gainera kideok 4 modulu desberdinetan banatuak gaituzte, 1. eta 2. moduluetan hiruna kide, 3. eta 8. modulutan bina kide eta bat isolamenduan. Egon daitekeen 1. gradurik gogorrenetariko bat bizi dugu espetxe honetan gauden kideok. Gaitzerdi ez digutela isolamendua aplikatzen, beste espetxe batzuetan gure kideei ezartzen dieten moduan edota emakumeek sistematikoki bizi duten gero eta bakartuago.
Nire familiarekin; bikotea, alaba eta semea; elkarbizitzako bis a bisak gelatxo txiki-txiki batean (6x6 pauso) eginarazten dizkigute. Bertan nire 5 urteko alabarekin harrapaketara ere ezin gara jolastu, sei pauso emateko tokirik ez baitago. Bisak egiteko edifiziotik bost metrotara patio txiki bat dago parketxo batekin bis hauentzako prestaturik. Baina bertan elkarbizitzako bisak ospatzeko espetxearen ezezkoei hilabeteak kexak jartzen pasa ondoren, espetxe epaitegian, zein epaitegi zentralean, nire eskariek ukazioa besterik ez zuten jaso. Berdin, orain zortzi hilabete dituen gure semearekin; espetxeak zein epaitegi zentralak ez ziguten baimenik eman umearen gurditxoa bis gelako ateraino sartzeko. Gauzak horrela, nire bikotea ume txikia besotan eta 5 urteko alaba beste eskuan hartuta sartuarazten dute, espetxe guztia zeharkatuz. Umeentzako jolasak sartzeko edo erosi ahal izateko garaian, espetxeak aurrena dena ukatzen digu, behin helegiteen bidez epaitegi zentralean irabazi ondoren, oraindik ere espetxeak oztopoak jartzen dizkigu. Guzti hau familiarekin elkarbizitza ahalik eta urriena, zailena izan dadin. Segurtasunaren izenean jazartze guztiak legitimatzen dituzte demokrata hauek.
Bestetik, euskal preso politikoak FIES fitxategian gaituzte eta 1. gradua era sistematikoan aplikatzen digutenez, jarraipen berezitua egiten digute. Astean bi gutun soilik bidali ditzakegu eta hauek irekita entregatu behar ditugu zer idazten dugun irakurri ahal dezaten. Preso arruntak nahi adina gutun bidali ditzakete eta noski, sobrea itxita. Telefono deiak: preso arruntek 10 dei dituzte astean, guk berriz 8, noski gure deiak "legez" entzun egiten dituzte bisita guztiak bezalaxe, "intervención de comunicaciones" ezartzen baitigute.
Hau da egunerokotasuna espetxean era oso laburrean kontatua.
Alde juridikora sartu aurretik gauza bat oso argi izan dezazuen nahiko nuke. Partidu politikoak, eragileak, sindikatuak, ikasleak zein euskal gizartea ezin da mugatu euskal preso politikoak bide juridikoa eta legedi arrunta bete ostean kalera irtetzearekin. Hori onartezintzat eduki behar genuke, horretara mugatzea herri bezala erantzukizun falta ikaragarria litzateke guztion aldetik, baita presoon aldetik ere. Beraz Euskal Herri mailan masa-mugimendu zabal eta dinamiko bat eraiki behar dugu presoen afera mugitu dadin eta guztion herriratzea ahalik eta azkarren lortu dezagun.
Alde juridikoari erreparatuz, egia esan behar badizuet nik kontu hau ez dut gehiegi kontrolatzen, eskerrak ondoan abokatuak ditugun aholkatzeko. Kontu honen gainean azpimarra dezakedana da, 2003-tik aurrera atxilotuak izan ginen militanteak bide juridikoa jorratzeko ere salba ezin ditugun oztopo bat dugula gaur gaurkoz, Aznar jaunak martxan jarri zuen 07/2003 salbuespeneko legedia. Lege politiko faxista honek lege arruntetik kanpo uzten gaitu "de facto", beraz bide honetatik aurrera egiteko izan ditzakegun asmo onekin kontatuta ere, gaur egun bizi dugun mendeku egoera honetan geratuko ginateke ataskatuak. Gainera argi erakutsi du Estatu Espainiarrak momentuz ezer gutxi egingo duela euskal preso politikoen egoerak aurrera egin dezan, beraz Euskal Herritik presioa egin ezean Madrilen lasai bizi dira.
Bestetik esan, 2017ko irailetik hona 3 aldiz egin dudala Euskal Herriratze eskari indibiduala; nire bikoteak, 5 urteko alabak eta zortzi hilabeteko semeak 2000 kilometro egin ez ditzaten hilero ni ikustera etortzen direnean. Momentuz erantzun bakar bat ere ez dut jaso, ezezkoa emateko ere ez. Hau era premeditatuan egiten dute, nik bide juridikoa irekitzea sahiesteko, zeren ezezko erantzuna jasoko banu gutxienez kexa jartzeko aukera edukiko nuke epaitegian eta une horretatik bide juridiko bat, zirrikitu txiki bat, irekiko litzaidake kontu honekin. Baina argi geratzen da orain arte Estatu Espainiarraren erantzuna inmobilismoa dela.
Argitu nahiko nuke 1. graduan egotea ez dela bere horretan oztopo bat euskal preso politikoei ezartzen zaigun dispertsio politikarekin amaitzeko, neurri hau erabaki politiko zital bat besterik ez da. Borondate politikoa egongo balitz, ezartzean egon zen bezala, arazo hau astebetean amaituko litzateke, Cadiz aldean gaituzten kideak Euskal Herrira iristeko beharko genukeen denbora tartea. Beraz komunikabideetan eta politikari batzuen ahotan entzuten baduzue gure Euskal Herriratzea ezinezkoa dela 1. graduan gaudelako edo onura bat dela, ez sinetsi, gezur galanta da eta. Beraiek sorturiko joko arauetan legea aplikatzea besterik ez da.
LORTUKO DUGU! AURRERA BETI!