[GUTUNA] Irurako Udala: Belarriprest ala entzungor?

Erabiltzailearen aurpegia

Lotsagarria, pasa den igandean, Iruran jazotakoa. Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira, udalak elkarretaratzera deitu gintuen herritarrok, plazan. Bertaratu ginenon harridurarako, adierazpen instituzionalaren lehen hitzak gazteleraz izan ziren, baita minutu bateko isiltasuna egiteko eginiko eskaera ere.

Errespetuz eta gaiaren larritasuna zela eta, ez genuen elkarretaratzea bere horretan utzi eta alde egin, baina aitortu behar dut tentatuta egon, egon nintzela. Gaztelera baliatzea herritarrongana zuzentzeko noiz eta Euskaraldian, Ahobizi txapekin doan udalbatzak ustez lehen hitza beti euskaraz egiteko konpromisoa hartu duenean; non eta euskal hiztunak baino batu ez zuten deialdi batean eta non eta Iruran, Ueman dagoen herri batean horrek suposatzen du herritarron %70, gutxienez, euskal hiztunak direla euskararekiko errespetu falta ikaragarria baino ez du erakusten.

Lotsagarria, halaber, pasa den asteartean plenoan jazotakoa. Bilduko zinegotzi batek gaia mahai gaineratu eta pleno bukaeran lehenago ez baitzaigu herritarroi hitz egiten uzten udal honekin hitza hartu nuenean, herritar gisa lotsa sentitu nuela adierazi nienean euskara zinegotzia mutu geratu zen. Ez zuen hitz bat bera ere esan. Ez zuen justifikatu euren gaztelerarako hautuaren arrazoia; ez zuen damurik erakutsi; ez zigun barkamenik eskatu bertaratu ginen euskal hiztun guztioi.

Hori nahikoa ez, eta adierazpena irakurri zuen zinegotziaren ahotik entzun behar izan genuen «Iruran, denek izango dugu bada, tokia, ala? Edo euskal hiztunak bakarrik?». Euskararen aurka daudenen diskurtso atzerakoiena etorri zitzaidan burura hura entzutean. Euskarari lehentasuna emateak beste hizkuntzak baztertzea ekarriko balu bezala. Esan beharrean nago, baztertuak gu izan ginela, euskal hiztunok, eta ez erdaldunak. Agerian geratu da beste behin, hizkuntza irizpide argirik gabe jarduten duela udalak, euskara gaztelerarekin parekatuz eta, zenbaitetan, azken honi garrantzi handiagoa emanez, igandean bezala. Lotsa. Lotsa. Eta lotsa.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!