JolasMATIKA

Erabiltzailearen aurpegia Gorosti Guraso Elkartea 2018ko abe. 4a, 16:19

Arrakastatsua izan da JolasMATIKAren 3. edizioa. Tolosako Orixe BHI institutuak eta Samaniego herri ikastetxeak EHUrekin elkarlanean abiatuko proiektu honetan, aurten, Azpeitiko Urola-Karmelo Etxegarai ikastetxea ere batu da.

Horrela, jolasaren bidez, 88 ikaslek lan egin ahal izan dute Donostiako Informatika Fakultatearekin. Ekimen honek bi helburu nagusi ditu: Informatika-zientzia hiritar guztiei zabaltzea, eta Informatikako ikasketak egitera emakumezko gehiago gerturatzea.

Ezaguna da STEM arloetan eta mundu mailan, leku jakin batzuk kenduta, ematen den genero arrakala. Oso urria da neskek arlo horietara gerturatzeko daukaten joera eta arrakala hori, Informatikaren arloan, oraindik ere nabarmenagoa da. Bestalde, Informatika terminoak nahasmen handia eragiten du. Informatikak eskaintzen dituen teknologiez inguratuta bizi dira gaur egungo ume eta gazteak, baina teknologia horien atzean dagoen Informatika-zientzia ezezaguna zaie erabat. Nahaste horren eraginez, Informatika Ingeniaritzako Gradura gerturatzen den gazte askok sorpresa handia hartzen du bertan ikasten denarekin. Esan beharra dago gainera, egun, Informatikaren erabilera hain zabaldua egonik, Informatikarekin zuzenean erlazionaturik ez dauden lanpostuetan ere, beharrezkoa suertatzen direla zientzia horren funtsezko ezagutza batzuk.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, Informatika-zientzia hiritar guztiei zabaltzeko saiakera dugu JolasMATIKA proiektua. Horretarako gunea derrigorrezko hezkuntzan jarri dugu, horrela, hiritar guztiek Informatikari buruzko ezagutza minimo batzuk izateaz gain, haurrek harekin hartu-emana izatearen ondorio gisa espero da Informatikako ikasketak egitera emakumezko gehiago gerturatzea eta oro har, informazio egokiagoarekin iristea.

Gainera gaztetxoei informatikaren ezagutza transmititzeko ur-jauzi metodologia proposatzen dugu. Hau da, ikasleek beraiek egiten dute ezagutzaren transferentzia goiko mailetatik beherantz. Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Ingeniaritza Graduko (IIG) ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei Informatikaren oinarrizko eduki batzuk irakatsiko dizkiete eta geroago DBHko ikasle horiek ikasitakoa Lehen Hezkuntzan irakatsiko dute. Informatikaren kasuan, hori guztia jolasetan oinarritutako metodologia baten bitartez eta ahal den neurrian konputagailurik erabili gabe egin nahi da, ikasleek ikus dezaten ez dela berdina konputagailuen funtzionamendua ulertzea eta horien laguntzaz problemak ebaztea edo dagoeneko garatuta dauden tresnak erabiltzea.

JolasMATIKA ekimenaren bi edizio pilotu gauzatu dira dagoeneko. Bertan parte hartu dugu EHUko Informatika eta Pedagogia fakultateetako irakasle/ikertzaile eta ikasleek eta Tolosako Orixe BHI institutuak eta Samaniego herri ikastetxeak. Ekimenak, orain arte, DBHko 28 ikaslerengan eta LHko 140 ikasle ingururengan izan du eragina.

Aurtengoa 3. edizioa izan da, eta aplikazio-eremua pixka bat zabaldu dugu. Aurten, Tolosako Orixe-Samaniego bikoteaz gain, Azpeitiko Urola-Karmelo Etxegarai hezkuntza publikoko ikastetxeetara ere iritsi da JolasMATIKA.

Hori horrela, Orixe eta Urola ikastetxeetako DBH 4. mailako 88 ikaslek bisitatu dute Donostiako Informatika Fakultatea. Bertan, Informatika Fakultateko 5 ikasleren eta irakaskuntzako masterra egiten ari diren beste bi ikasleren eskutik izan dute aukera lantzeko datuek (zenbaki, karaktere, irudi, ...) konputagailuan zer nolako itxura hartzen duten; datu horiek konputagailu barruan nola tratatzen diren; informatikariek zer nolako urratsak ematen dituzten problema bat ebazterakoan; eta azkenik, konputagailuak nola programatzen dituzten problema horiek ebazteko.

88 ikaslek 4 taldetan banatuta egin dute lan. Horietako talde bakoitzean unitate-didaktiko bat landu dute. Geroago, haien ikastetxean ikaskideei landutakoa azaldu beharko diete eta denon artean ongi prestatu lehen hezkuntzakoei azaltzeko. Horretarako materiala eta unitate-didaktikoak JolasMATIKA proiektutik jasoko dituztelarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!