Auzolanean eskolaren azpiegiturak txukuntzen

Erabiltzailearen aurpegia Gorosti Guraso Elkartea 2017ko mai. 6a, 13:22

Samaniego eskolako Gorosti guraso elkarteak bultzatuta, Lehen Hezkuntzako azpiegituretan garbiketa eta margotze lanak egiten ari dira, eta patioari jolas berriak gehitzen.

Gorostitik azaldu dutenez, "ikusi genuen Samaniegoko eskolako Lehen Hezkuntzako eraikinean gabezi batzuk zeudela azpiegitura aldetik. Adibidez, itoginak daude eraikinean eta pareta batzuk pitzadurekin daude. Guraso elkartetik ez genuen bidezkoa ikusten eta horri buelta emateko auzolana prestatu dugu".

Guraso elkartetik gogora ekarri dute azpiegitura guztiak publikoak direla eta horren kudeaketa udalarena dela. "Berez bai garbiketak eta margotze lanak udan egiten dituzte brigadakoek, baina ikusten genuen behar handia zegoela", esan dute elkartetik. "Ikusten genuen ez genuela itxoingo udara arte eta udaberrian hasiko ginela lanean, ahal den neurrian, gauzak hobetzen". Gurasoak antolatu dira eta beraiek ari dira lanak aurrera eramaten, baina esan dute kontua ez dela "hemendik aurrera lan horiek guk egitea. Beraz, auzolanarekin ere pixka bat atentzioa deitu nahi dugu Samaniegok behar batzuk dituela eta behar horiei erantzun bat eman behar zaiela".

Eskola publikoa denez, eraikina ez beste guztia herritarrei irekita egoten da, eta batzuetan "bandalokeri txiki batzuk" izaten direla diote. "Gero astelehenean topatzen dira gure seme-alabak patioa zikinduta, edo zenbait gauza puskatuta", esan dute Gorostitik. "Ez gaude konforme horrekin eta gustatuko litzaiguke honi erantzun bat ematea". Gorostitik gaineratu dute "eskola publikoa denontzat eta kalitatezkoa izatea" nahi dutela. "Horrez gain azpimarratu nahi dugu Tolosaldean osasun publikoaren alde sekulako lana eta esfortzuak egiten direla, eta gure aldarrikapena bada osasun publikoaren alde egotea, eta osasunean bezala hezkuntzan ere eredu publikoaren alde egitea".

100 pertsona inguru

Azpiegitura aldetik txukunketa eta garbiketa lanak egiten ari dira, tartean frontoian eta behe aldean estalita dagoen patioan. Horrez gain, elkartetik azaldu dutenez, "beste planteamendu berri bat ari gara jartzen patioaren inguruan. Beste elementu batzuk sartzen ari gara, eta pixkana eraldatzen joatea da asmoa". Horren harira gaurko eguna aprobetxatzen ari dira haurrentzako jolas berri batzuk proposatzeko patioan: "Lurrean margotzen ari gara jolas batzuk, eta ahal den eta kooperatiboenak izaten saiatu gara. Agertoki bat ere jarriko dugu, arbelak ere margotuko ditugu, hori guztia adierazkortasuna lantzeko".

Guzti hori festa giroan egiten ari direla nabarmendu dute. "Paella bazkalduko dugu; eskolan lurralde askotakoak ditugu eta bakoitzak bere ekarpena egiten duenez, valentziar batek paella egingo du. Txotx egiteko ere aukera izango dugu, musika ere jarriko dugu, eta giro ederrean ariko gara". 100 pertsona inguru elkartuko dira egunean zehar, 50 heldu eta 50 haur inguru.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!