Supermerkatuetako eta farmazietako apaletan ez dira erantzunak falta: C bitamina, zinka, propolia eta immunitatearekin lotutako mezuak dituzten hamaika produktu. Baina benetan posible al da gure «defentsak indartzea» elikagai edo osagarri jakin baten bidez?
Zein dira, orduan, hiru elikagai horiek? Spoiler: ez dago halakorik. Immunitateaz ari garenean, gauzak ez dira hain zuri edo beltz. Ez da piztu eta itzaltzen den etengailu bat, eta ez dago egun batetik bestera gure «defentsak indartuko» dituen elikagairik. Badakigu, ordea, nutrizio-egoera egokia beharrezkoa dela immunitate-sistemak normaltasunez funtziona dezan.
Sistema immunologikoa zelula, ehun eta organo ugarik osatutako sare konplexua da. Bere lana organismoa babestea da kanpoko agenteen aurrean, baina behar bezala funtzionatzeko energia eta mantenugai nahikoak behar ditu.
Erantzun immunologikoaren hainbat prozesutan hartzen dute parte proteinak eta hainbat mikronutrientek –A, C eta D bitaminek, burdinak, zinkak edo selenioak, besteak beste–. Horregatik, mantenugai horien gabeziek immunitate-sistemaren funtzionamendua kaltetu dezakete. Baina hemen dator gakoa: gehiago ez da beti hobea. Mantenugai baten kantitatea handitzeak ez ditu gure defentsak automatikoki indartzen.
Adibide ezagunena da C bitamina. Zitrikoek, kiwiak, marrubiak, piperrek, brokoliak eta antzeko elikagaiek C bitamina ematen digute, eta dieta osasungarri baten parte dira. Baina C bitamina gehigarriak hartzeak ez du frogatu populazio orokorrean katarroa izateko arriskua nabarmen murrizten duenik. Beraz, laranja bat jatea? Bikain. Ez hartu, ordea, infekzioen aurkako ezkutu magikotzat.
Dena dela, ez nator esatera osagarriek inoiz lekurik ez dutenik. Mantenugai baten gabezia dagoenean edo bestelako egoera jakin batzuetan, beharrezkoak izan daitezke elikadura-osagarriak. Halakoetan komeni da kasu bakoitza baloratzea eta osasun-profesional baten aholkuei jarraitzea.
Baina, mirarizko produkturik ez badago, zertan jarri behar dugu arreta?
Ebidentziak elikagai edo osagarri «miragarri» baten bila ibili beharrean, elikadura osoaren kalitatea zaintzera bultzatzen gaitu. Eta, horretarako, aliatu bikaina dugu udazkena.
Kalabaza, porrua, azak edo brokolia; mandarinak, kiwiak, sagarrak eta udareak; lekaleak, fruitu lehorrak eta zereal integralak; arrautzak, arraina edo beste proteina iturri batzuk… Ez dago aukera zuzen bakar bat: aniztasuna da gakoa.
Eta bada askotan ikusten ez dugun beste protagonista bat ere: hesteetako mikrobiota. Harreman estua dute immunitate-sistemak eta hesteetako mikroorganismoek. Dietako zuntzaren zati bat hesteetako bakterioek hartzitzen dute eta, prozesu horretan, kate laburreko gantz-azido izeneko konposatuak sortzen dira, eta heste-hesiaren osasunean eta erantzun immunologikoaren erregulazioan parte hartzen dute.
Horregatik, gure mikrobiota elikatzeko ere ez dugu produktu berezirik behar: fruta, barazki, lekale, fruitu lehor eta zereal integral ugari eta askotarikoak jatea abiapuntu ona izan daiteke.
Eta, agian, hor dago artikulu honen mezurik garrantzitsuena. Gure immunitate-sistemak ez du superelikagairik, shot magikorik edo bitamina-pote berririk eskatzen. Askoz interesgarriagoak dira elikadura askotarikoa, nahikoa lo egitea, mugitzea, atseden hartzea eta gure osasuna egunerokoan zaintzea.
«Gure defentsak zaintzeko sekretua ez da zerbait gehiago hartzea, egunero egiten duguna pixka bat hobeto zaintzea baizik»
Negua iristen denean, beraz, farmaziako edo supermerkatuko apalera begiratu aurretik, merezi du gure egunerokoari begiratzea. Azken batean, gure defentsak zaintzeko sekretua agian ez da zerbait gehiago hartzea, egunero egiten duguna pixka bat hobeto zaintzea baizik.