Glaukoma #Japantour

Arigato denei!

Erabiltzailearen aurpegia Glaukoma 2013ko aza. 8a, 12:42

Bi egun igaro dira dagoeneko Japoniako bira amaitu eta etxera itzuli ginenetik, baina denbora tarte handiago bat beharko dugu bertan bizitako esperientzia osoa modu egoki batean barneratzeko. Bi egun hauetan denbora izan dugu bakoitza bere egunerokotasunean murgiltzeko (unibertsitatean, lantokian, langabezian...), ditxosozko jet lag-ari aurre egiteko eta normaltasunera itzultzeko, baina gure zatitxo bat oraindik Japonian daukagunaren irudipena nabarmena da (agian betirako geratuko da han).

Momentu hauetan, glaukomatarroi hau guztia posible egin dutenei eskerrak ematea tokatzen zaigu, ea beste hainbatetan bezala ez zaigun inor ahazten. Hala gertatzen bada, jaso gure barkamena aldez aurretik.

Lehenik eta behin, Shogo San, DJ Txako eta Ike Chan. Hiru pertsona hauek izan dira gurekin egon direnak furgonetako ordu guztietan eta beraz, bidelagun Glaukoma Japan Tour osoan. Hala ere, hiru pertsona aipatzea talde askoz zabalago baten zati txiki bat nabarmentzea da soilik. Doala gure eskerrik beroena bira osoa antolatzeaz arduratu diren guztiei, hala nola eszenatoki guztietan gurekin batera aritu diren taldeei: Japonicus, Radical Music Network, Fight for Rights, EKD, Tex & Sun Flower Seed, Caribbean Dandy, Tenjin Lodge, Chanka Brigade...

Bestalde, Bonberenea eta bertako piromano guztiak. Zuek gabe ez rock, ez reggae eta ez fandango... Ezin dugu hitzetan adierazi zor dizuegun miresmena. Japonian geundela Bonbereneako kamisetak eta erreferentziak ikusi ditugunean mugimendu honen parte izateaz harro sentitu gara. Espero dugu gaztetxe honek herrialde hartan duen ospea mantendu izana eta ordezkaritza lana modu egokian egin izana. Momentuoro izan dugu presente mugimendu bat ordezkatzen ari ginela eta hala adierazten saiatu gara. Big Up Bonbero!

Azkenik, gure aurretik eta urteetan zehar Euskal Herria-Japon konexioa eraiki eta bizirik mantentzeaz arduratu diren pertsona, musika talde eta mugimendu guztiei eman nahi genizkieke eskerrak. Horietako batzuk aipatu ditugu aurretiaz argitaratutako kroniketan, baina askoz gehiago dira zerrenda hura osatu beharko luketenak. Aipamen berezia egun hauetan zehar gure kronikak jaso eta zabaltzen aritu diren hedabideei (Musikazuzenean eta Tolosaldeko Ataria). Arigato zuei ere!

Glaukoma Japan Tour 2013 inoiz ahaztuko ez dugun esperientzia bat izan da. Aurretik aipatu bezala, guztion zatitxo bat han geratu dela uste dugu. Noizbait bueltatuko gara, ziur. Arigato Nippon! Arigato Minakami, Nigata, Toyama, Nagoya, Yokohama eta Tokio! Matane!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!