Hiruzpalau ordu lo egiteko aukera izan genuen bart Nigatako japoniar pentsio tradizional batean. Aiko izeneko emakume zahar (oso zahar) eta maitagarri baten ardurapean zegoen tokia, eta japoniako tradizioaren gune esanguratsua iruditu zaigu. Logeletan tatamia eta oheak, lurrean jartzen diren koltxoi tolesgarriak (Futoiak), espazioa aprobetxatzeko ezinbestekoak hemen. Toki ederra, tamalez berehala alde eginbehar izan dugu bertatik.
Lau ordu furgonetan eta iritsi gara Toyamara, hiri polita benetan. Ordubiak aldera iritsi gara eta zuzenean kontzertu-aretora joan gara. Oso berezia, hamar pisuko eraikin bateko bosgarren pisuan. Isitsi garenean beste sorpresa pilo bat. Lehenik eta behin baliabide teknikoak: Julen baba zeriola egon da arratsalde osoan, ekipoaren maila dela eta. Baita ere, bertako langileen profesionaltasuna eta tratua, benetan miresgarria.
Bestalde, jakina bada ere Euskal Herrian, errealitatearekin topo egin dugu: Fermin Muguruza jaunak herrialde honetako biztanle askorengandik jasotzen duen miresmena. Bertako DJak etengabe bere abestiak jartzen aritu dira (baita Esne Beltzarenak ere!). Estima handia diote bertan Fermini, eta gu asko pozten gara!!!
Soinu proba egin eta hiritik buelta bat (ordubetekoa edo). Berriz ere aretora joan garenean afaria ekarri digute eta geneukan gosearekin berehala amaitu dugu. Kontzertuak goiz hasi dira, talde asko ginen gaur eszenatokian. Itzelak Tex&Sun Flower Seed eta EKD, baita beste guztiak ere (izenak ez ditugu ikasi, zoritxarrez).
Ordubatetan iritsi da gure txanda, eta beste behin azaleratu da japoniarren abegitasuna. Hemen kanpoko taldea da protagonista, jendea musika berria deskubritzera dator. Gure kasuan bertako taldeek baino denbora gehiago izan dugu eta ordu onenean jo dugu: azkenak, jendea bero-bero zegoenean.
Zer kontatu kontzertuari buruz? Ba... Hitzik gabe geratu garela. Big Up Toyama, besterik ezin dugu esan. Ikusiko dituzue bideo eta argazkiak, zoragarria izan da.
Pozik goaz ohera. Leher eginda eta bihar egun gogorra izango dela jakinda, baina sekulako irribarrearekin. Eskerrikasko! Arigato Toyama!