Eguardiko 12ak izango ziren Minakamiko mendiko hoteleteik abiatu garenean. Surfista australiarrak atzean utzita, agur esan diogu Japoniako eski eta sowboard gune garrantzitsuenetako bati. Bidaian zehar, hainbat gauza ikusteko aukera izan dugu, besteak beste tren bala famatua, edo “Japoniako Alpeak” deritzon mendi lerroaren zati bat. Furgonetan ordu eta erdi eskas egin eta gero, iritsi gara Nigatara, Japoniako Itsasoan kokatuta dagoen milioi bat biztanleko hirira. Sentipena nahiko ezaguna izan da guretzat, Euskal Herrian ohikoa delako oso denbora gutxian menditik itsasora jauzi egitea. Naturari dagokionean, Japon ere oso anitza da.
Iritsitakoan egin dugun aurreneko gauza Noriyuki Amano jauna besarkatzea izan da, duela hilabete batzuk Bonberenean ezagututako laguna. Asko poztu gaitu berriz ere berarekin topo egiteak, gogo asko genituen. Berak lagundu digu traste guztiak furgonetatik jaisten.
Gaurko kontzertuaren egoitza ikusi dugunean harritu garela esatea oso motz geratzea da. Pub antzeko bat da, itsasotik 30m baino gutxiagora, hondartzatik 10 metrotara. Ez dugu bainutxo bat hartzeko aukera galdu. Japoniako Itsasoan bertan dagoen lokal xarmanta, are gehiago bertakoek nahi izan duten gisara apaindu dutenean. Bizi asko nabaritzen da bertan. Arratsalde eta gauean zehar denetik egon da: DJ-ak, serigrafian ziharduen bikotea (erosi ditugu kamisetak!), masajeak ematen zituen tipoa (hartu ditugu!), barbakoa, zenbait pertsona arrantzan...
Tratua zoragarria. Ez dakigu beste tokietan nola izango den, baina ikuslegoaren jarrera ikaragarria izan da. Atzokoaren antzera, ez dira geldik egon segundu kar batean eta parte hartu dute (abestuz) eskatu diegun guztietan. Gure miresmen osoa daukate.
Gaurko egunak askorako eman du eta orduak egongo ginateke idazten, baina hemengo goizeko 5ak dira eta bihar 10etarako furgonetan egon behar dugu Toyamara joatekeo (4 ordu inguru). Laburtzeko, esan dezakegu txoratuta gaudela, benetan zortedunak sentitzen garela eta sekulako esperientzia izaten ari dela.
BIG UP Nigata! Arigato!