Glaukoma #Japantour

2. eguna: Minakami

Erabiltzailearen aurpegia
Aupa peña! Eman dugu dagoeneko gure aurreneko kontzertu interkontinentala (kar, kar)! Sentsazio mordoa pilatu dugu egun bakar batean. Kontraste pilo bat, munduko hainbat tokitako jendearekin kontaktua eta, batez ere, aurreneko kontaktu errealak gizarte japoniarrarekin.

Nahiko goiz hasi dugu eguna, gehienbat kontutan izanda atzo oso berandu oheratu ginela. Goizeko hamarretan furgonetan geunden dagoeneko glaukomatarrak, Ike Chan (EKD taldeko abeslaria eta txoferra), Shogo eta Txakorekin batera. Gure atzetik, Tex & Sun Flower Seed taldearen espedizioa. Atzo gauean airetik ikusi genuen hiri herraldoia egun argiz ikusteko aukera izan dugu, eta atzo harrituta geratu baginen gaur ez da gutxiagorako izan. Tokio ez da amaitzen. Edonora begiratuta ere etxeak ikusten dira. Hala ere, noizbait atera gara hiritik (ia bi orduz furgonetan egon eta gero) eta zerbitzu gune batean egin dugu aurreneko geldialdia. Japoniari buruz burura etorri ohi zaizkigun topiko gehienak topatu ditugu bertan. Arreta gehiena sortarazi duena ipurdia ur txorrota bidez garbitzen duten komuna famatuak izan dira (taldekide batek probatzeko aukera ere izan du). Azkenean iritsi gara kontzertua emateko aurreikusita zegoen tokira, baina ezbehar bat dela eta ezinezkoa izan da bertan emanaldia burutzea. Kontua da “Canyons” izeneko lokaleko langile bat hil zela bart. Ulertuko duzuenez inori ez zaio egokia iruditu bertan ezer ospatzea. Hala ere eta Japonian kontzertuak ez suspenditzeko duten ohiturari jarraiki, kilometro pare batera dagoen hotel batean egitea erabaki da. Bertan urte mordoa daramaten australiar koadrila baten hotela, “Tenjin Lodge” izenekoa. Oso jende jatorra, sekulako tratua izan dugu egun osoan. Iritsi garenean egin dugun aurreneko gauza japoniar erako barbakoa bat dastatzea izan da. Ondoren siestatxoa eta azkenik kontzertua. Lokala ez da jendez gainezka egon egia esan, baina egoera kontutan izanda kontzertua eman ahal izatea lorpen handia izan da. Hori bai: zeuden pertsonak ez dira geldik egon kontzertu osoan. Sekulako giroa sortu dute hasieratik, gure abestiak ia ezagutu gabe. Zatitxoren bat abestera ere animatu dira, eta dantzan aritu dira etengabe. Oso egun polita orokorrean. Kontraste asko eta Japoniaren zatitxo bat ezagutzen hasi garenaren sentsazioa. Bihar Nigatara goaz, eta orain lotara. Arigato Minakami!

 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!