Kaixo lagunok! Dagoeneko Japonian gaude, Shogo-ren etxetik idazten dizuegu. Oso bidaia luzea egin dugu honaino iristeko (ia 30 ordu), baina iritsi gara eta hori da garrantzitsuena. Gauza asko egon dira harritu gaituztenak, egia esan.
Lehenik eta behin, Dusseldorf-eko aireportua. Jendez gainezka, hara eta hona eta munduan bueltaka. Hori bai, gehienak bakarrik. Maleta txiki gurpildunak eta euren alboan, bakarrik bidaiatzen zuten pertsonak.
Hamar bat orduko bidaia egin ondoren, Beijing-en hartu dugu lurra. Beijing-eko aireportua ikaragarria da, herrialde txinatarraren dimentsioaren islada. Hegazkinak nonahi eta sekulako trafikoa (airekoa), etengabeko mugimendua. Baina Beijing ez da airetik ikusten. Imaginatu egin behar da. Poluzioak sortutako “smog” beldurgarri baten azpian dago. Behe lainoa ematen du, hegazkinetatik edo mendi altuetatik ikusi ohi den horietakoa, baina ez da naturak sortutakoa. Gizakiaren sorkuntza da egunez hiria bera ikusten uzten ez duen poluziozko lainoa.
Bertan ordu batzuk igaro eta gero, hartu dugu azkenean Tokiora eraman gaituen hegaldia. Egunez ikusten ez den hiri batetik, gauez ondoen ikusten den batera. Argien hiria. Ikusgarria da Tokio gauez airetik, argiz jositako itsaso amaigabe bat osatuz. Ez da hiriaren bukaera ikusten nahiz eta milaka metroko altueran egon. Beranduago Shogoren etxera ekarri gaituen “Tex”, Tex & Sun Flower Seed taldeko abeslariaren furgonetatik ikusi ahal izan dugun bezala, lorik hartzen ez duen hiria da. Tokio beti dago esna.
Agian hiri honek bai, baina guk ezin dugu deskantsatu gabe egon. Bihar emango diogu hasiera birari, Minakamin emango dugun aurreneko kontzertuarekin. Lehertuta gaude eta lotara goaz. Bihar gehiago! Arigato!