Orain hamar urte baino gehiago hasi zen Leire Padilla (Villabona-Amasa, 1994) Kriminologia ikasten, EHUn. Betidanik izan du giza eskubideen alde egiteko nahia, eta, borondateak mugituta, ikasketekin bateratu zituen bestelako ikerketa proiektuak, hala 36ko gerrari buruzkoak nola torturari buruzkoak. Geroztik, Aranzadi zientzia elkartean eta Kriminologiaren Euskal Institutuan aritu da lanean, eta doktorego tesia aurkeztu berri du, maiatzean. Padillak esan du adingabeen aurkako abusuen berri izan behar duela gizarteak.
Zeri buruz hitz egin duzu Kriminologiako doktorego tesian?
Haurren aurkako indarkeria digitalari buruz. Hasierako ideia adingabeen aurkako sexu abusuak ikertzea zen, besterik gabe, baina sare sozialetan topatzen nuenak kezka sorrarazi zidan. Urduritu egin ninduen adingabeak egoera desegokietan ikusteak: dantza sexualizatuak egiten, adibidez. Adingabe horientzat dantza besterik ez da, baina kontsumitzaile pedofiloei sare sozialek nahi adina eduki eskaintzen dizkiete. Urduritu egin ninduen horrek, eta tesia horri buruz egitea erabaki nuen.
Nola bideratu zenuen tesia?
Hiru artikulu idatzi ditut. Lehena orokorragoa da, Interneteko egoera azaltzen du, eta adingabeek aurkitu ditzaketen arriskuak aipatzen ditu. Bigarrena proxenetismoarekin dago lotuta, azken urteetan areagotzen ari zela iruditu zitzaidalako. Instagram, Youtube eta Tiktok plataformetan azaltzen ari ziren bideo batzuk izan nituen oinarri. Zuk ere ikusiko zenituen: kale erdian neska bati galdetzen diote ea zenbat diru daukan bankuan, eta neskak dio 500.000 euro dituela. Harrituta gelditzen zara: «Nola izango du hainbeste diru?». Neskak dio kontu bat duela Onlyfans plataforman, barruko arropa saltzen duela edo bere oinen argazkiak saltzen dituela. Finean, proxeneta taldeek euren interesen arabera manipulatu dute Nire gorputza, nire erabakia leloa.
Jarraitu irakurtzen Gipuzkoa.hitza.eus webgunean.