Elkarrizketa

«Ez dut uste orkestrako gizonekin halako bidaia bat egingo genukeenik»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro-Gipuzkoako Hitza 2025ko api. 14a, 12:00

Miren Zeberio musikari tolosarra, Le Concert des Nations orkestrarekin grabatutako Vivaldiren 'Lau Urtaroak' mugimenduko melodiak biltzen dituen diskoarekin.

Miren Zeberio musikari tolosarra Italia iparraldean izan zen martxoan, Le Concert des Nations orkestrako emakume batzuek egindako bira batean. Intentsitate handiz bizi izan zuen.

Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako elkarrizketa.

Miren Zeberio Etxetxipia biolin jotzailea (Tolosa, 1983) Euskal Barrok Ensemble taldeko eta Le Concert des Nations orkestrako kidea da. Jordi Savall musikari kataluniarrak 1989an sortu zuen Le Concert des Nations orkestra, eta, Savallek berak proposatuta, taldeko emakume musikari batzuek bira bat egin zuten joan den martxoaren hasieran, Italia iparraldean. Astebetez izan ziren han, eta zazpi kontzertu eman zituzten. Bartzelonan aritu ziren azkeneko aldiz, martxoaren 8an. Zeberiok hainbat proiektu ditu esku artean; besteak beste, Enrike Solinisekin batera Euskal Herriko Orkestra Barrokoa sortzea.

Italia aldean izan zinen martxoan. Zertan aritu zara han?

Inauteriak galdu ditut, bizitzan bigarren aldiz… Gogorra izan da, baina merezi izan du: Jordi Savall maisuaren proiektu baten bitartez, Le Concert des Nations orkestrako emakume musikariek zazpi kontzertuko bira bat egin dugu, eta Vivaldiren Lau urtaroak instrumentu originalekin interpretatu dugu, barroko garaian bezala.

Nor da Jordi Savall?

84 urteko musikari, konpositore eta orkestra zuzendari bartzelonar bat da, eta zango biola jotzen du. Instrumentu hori oso ezaguna egin zen barrokoan; batez ere, Frantzian. Luis XIV.ak eta garai hartako konpositoreek jotzen zuten; gero, galdu egin zen. Savallek, baina, interpretazio historikoaren korrontea hastearekin batera, instrumentua berreskuratzeko urratsak egin zituen. Zango biolak biolontxeloaren itxura du, baina ez da harizko instrumentuen familiakoa. Hanka artean helduta jotzen da, eta biolontxeloak baino hari gehiago ditu; gainera, trasteak ditu, gitarrak bezala. Zango biola berreskuratzeaz gain, Savallek ekarpen handia egin du musika barrokoan. Ehunka disko grabatu ditu, eta sekulako ikerketa lana egin du. Kultura askotako musikariekin sortu ditu proiektuak. Besteak beste, 1989an Le Concert des Nations orkestra sortu zuen.

Orkestra hori mistoa da. Italian, baina, emakume musikariak bakarrik aritu zarete.

Bai. Savallek duela bi urte Le Concert des Nations orkestraren barruan sortu zuen Les Musiciennes du Concert des Nations emakumez osatutako orkestrarekin aritu naiz. Jatorri desberdinetako emakumeok osatzen dugu. Ekimena YOCPA proiektuaren [Gazte Orkestra eta Abesbatza Akademia] barruan dago, eta Veneziako Ospedale della Pieta musika jardueretan oinarritzen da. YOCPA aspaldi sortu zuten, 1346an, umezurtzei ostatu eta hezkuntza eskaintzeko asmoz eta haur horiei txikitatik musika ikasteko aukera emateko. Eskola horrek ospe handia izan zuen XVII. eta XVIII. mendeetan, eta, besteak beste, Antonio Vivaldiren etxea izan zen; zuzendari eta irakasle aritu zen han. Ideia hori oinarri hartuta, martxoko biran Vivaldiren Lau urtaroak kontzertuak interpretatu ditugu musika barrokoan.

(ID_17440382224845) (/EZEZAGUNA)
Le Concert des Nations orkestrako emakume musikari batzuk eta Jordi Savall zuzendaria, martxoan, Italian.

Emakume musikariak izan zarete Italian, baina zuzendaria gizonezkoa da.

Esperimentu bat izan da, eta kontzeptuak berak ere kritikak izan ditu —Les Musiciennes du Concert des Nations—, baina Jordi Savall da. Hark sortu zuen proiektua. Jende askori lana ematen dion pertsona bat da. Figura hau desagertzen denean, hutsune handia utziko du. Mundu osoko musikari asko biltzen gara taldean, eta Savallek gaitasun handia du horretarako. Lan handia egin du, eta egiten ari da oraindik.

Bira nolako esperientzia izan da?

Egunero kontzertu bat egin genuen, eta bizpahiru orduko bidaiak egin genituen, autobusez eta trenez. Intentsitate handiko egunak izan ziren. Hala ere, esperimentu zirraragarria izan da. Babes handia eman diogu elkarri, giro oso ona izan dugu, eta ni bereziki harrituta geratu naiz lan egiteko moduarekin.

Zergatik?

Lau anaia ditut, eta gizon artean bizi izan naiz beti. Bat-batean, emakumez osatutako talde batekin egin dut topo. Aurreiritzi batzuekin joan nintzen, eta erabat hautsi ziren. Emakume langileak eta arduratsuak dauzkagu orkestran. Kide bat, adibidez, haurdun zegoen, eta beste batek berekin eraman behar izan du haurra. Zaintzarena oraindik argitu gabeko gaia da emakumeen orkestretan eta oro har musikan. Zerbitzu bat egon beharko litzateke hori kudeatu ahal izateko. Gure kasuan, amatasuna ez da ardura erraza izaten, eta bidaia batean, are gutxiago. Ez zait iruditzen orkestrako gizonekin horrelako bidaia egitea lortuko genukeenik.

Nolako harrera izan dute kontzertuek?

Oso ona. Italiako antzokiak liluragarriak dira: erraldoiak, forma biribilekoak eta akustika oso onekoak. Hemen ez dago horrelakorik.

Italian ez ezik, Austrian ere aritu zineten, musika klasikoaren sehaskan.

Bi aste lehenago, Italia hegoaldean eta Vienan izan ginen orkestra mistoarekin. Beethovenen lau sinfonia interpretatu genituen, barroko garaiko instrumentuekin. Sinfonia horiek zoragarriak dira, eta Vienako Konzerthaus antzokian interpretatzea ikaragarria izan zen. Txundigarria da duen akustika.

Miren Zeberio, Le Concert des Nations orkestrarekin egindako entsegu batean.

Noiztik zabiltza Le Concert des Nations orkestran?

2010ean hasi nintzen, Jordik lehen akademia sortu zuenean. Bartzelonan joan nintzen. Errepertorio jakin bat grabatu behar izan nuen, eta ondoren, bidali. Onartu egin ninduten, eta froga bat egin behar izan nuen. Azkenik, orkestrako kide izateko aukeratu ninduten. Gogoan dut hasi nintzenean haurdun nengoela, eta hurrengo urteetan hiru ume izan nituen. Orkestrako bizitza amatasunarekin uztartzea zaila zenez, berehala utzi behar izan nuen. 2020ko udaran berriz deitu ninduten. Geroztik, jarraikortasun batekin aritu naiz orkestran.

Nola lan egiten duzue orkestran?

Orkestra barrokoak formazioz txikiagoak izan ohi dira. Leku batean elkartzen gara, programa bat muntatzen dugu, hura entseatu eta, azkenik, kontzertu bat egiten dugu. Hori guztia astebetean edo. Batzuetan, kontzertuak jarraian izaten dira, eta beste batzuetan, grabaketak egiten ditugu.

Azken hamarkadan, musika barrokoan murgilduta zabiltza.

Ez dakit murgilduta ala itota nagoen. [Barreak] Nik Herbeheretan ezagutu nuen, eta bertan ikasi nuen. Musika barrokoa gaur egungo interpretazio moduarekin interpretatzeak ez dauka logika handirik, ez dagoelako horretarako egina. Hala ere, egin daiteke. Instrumentuak, hori bai, desberdinak dira. Beste sonoritate eta tinbre bat dauka orkestra barrokoak, eta niri gehiago gustatzen zait.

Musika barrokoak zer-nolako harrera du Euskal Herrian?

Gaur egun, orkestra barroko asko daude munduan, eta publiko orokorrak ere gustuko duela iruditzen zait. Nazioarteko orkestrak sarri etortzen dira Euskal Herrira errepertorio barrokoa interpretatzera, hemen ez dagoelako halakorik. Horregatik, Enrike Solinis Euskal Barrok Ensembleko zuzendariak Euskal Herriko lehen orkestra barrokoa sortu nahi du. Asmoa da, kanpotik orkestra bat ekarri ordez, etxean talde bat izatea, hemen ere bagaude-eta horretan aritzen garen musikariak. Proiektuari forma ematea falta zaigu, baina azaroan egingo ditugu lehen topaketak, eta urtarrilean edo otsailean bi kontzertu egingo ditugu: bat Donostiako Kursaalean, eta bestea Bilboko Arriagan. Orkestra akademia bat izatea nahi dugu; hau da, musikari gazteei betiko profesionalekin lan egiteko aukera eman nahi diegu, formakuntza modura. Hala ere, baliabide asko behar dira horretarako, eta baliabide ekonomikoak izaten dira lortzen zailenak. Erakundeek asko laguntzen ez badute, oso zaila izaten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!