Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako artikulua
Komunitatea sendotzea eta jarduera fisikoa sustatzea. Helburu horiek ditu Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak eta Aptes Teknologia Soziala Sustatzeko Elkarteak sortutako Erronka komunitarioa ekinaldiak. Joan den asteartetik dago martxan, Bidania-Goiatzen eta Errezilen, eta abenduaren 5era bitarte iraungo du. Parte hartu nahi dutenek Wellk aplikazioan eman beharko dute izena, eta Historian zehar bidaiatzen izeneko erronkara batu. Parte hartzaileek zer jarduera fisiko egiten duten erregistratu beharko dute aplikazioaren GPSaren bidez, eskuz, edota Strava edo Fitbit aplikazioen bidez, eta kilometroak metatu ahala, etapak eta sariak irabazteko aukera izango dute. Ekinbidea antolatzeko, erronkan parte hartuko duten herri bakoitzeko eragileekin lan egingo dute Saiazek eta Aptesek.
Elena Rikondo Saiaz mankomunitateko gizarte langileak esan du proiektua ez dutela hutsetik hasi: «Aurretik lan handia zegoen egina; hori gabe, ikaragarri zaila izango litzateke horrelako proiektu bat martxan jartzea». Ane Artetxe Aptes elkarteko teknologo sozialak «gertutik» ezagutzen du Bidania-Goiazko eta Errezilgo errealitatea, elkarteak Auzotuz proiektua landu baitzuen aurretik bertan. Artetxek esan du «poliki eta tentuz» ari direla lanean, herri horietako zenbait kolektiborekin teknologia berriak erabiltzen hasi behar baitute.
«Aurretik lan handia zegoen egina; hori gabe, ikaragarri zaila izango litzateke horrelako proiektu bat martxan jartzea»
ELENA RIKONDO Saiaz mankomunitateko gizarte langilea
Komunitatea sendotzeko asmoz, hainbat adin taldek parte hartuko dute ekinbidean. Bidania-Goiatzen, adibidez, herriko eguneko zentroa, Tipi Tapa taldea —adinekoen osasuna sustatzeko ibilaldien egitasmoa— eta Txinkorta eskola arituko dira, besteak beste. Erronka egiteko garaian, gainera, beste belaunaldi batzuetako jendearekin kilometroak eginez gero, herritarrek aukera izango dute bost puntu gehiago irabazteko; horretarako, egindako jarduera gordetzean, elkarrekin argazkia atera eta aplikazioan kargatu beharko dute. Horrez gain, elkarrekin hitz egin eta herriko historiari buruzko informazioa ere bildu beharko dute.
Hain zuzen ere, hortik dator proiektuaren izena —Historian zehar bidaiatzen—, Artetxeren arabera. «Parte hartzaileek erregistratzen duten kilometro bakoitza historian atzera egiteko urte bat izango da, gutxi gorabehera irudikatzeko iraganerako bidaia hori». Hiru etapatan banatuko dute ekinbidea, eta etapa bakoitzaren amaieran, ibilaldietan bildutako informazioarekin, komunitateari buruzko galdera sorta bat prestatuko dute, eta herritarrei galdetu, hausnarketa sustatzeko. Hartara, egitasmoa baliagarria izango da askotariko kolektiboen arteko elkarreragina sustatzeko eta gazteek herriko historia «hobeto ezagutzeko».
Arrakala digitala, erronka
Bi antolatzaileen hitzetan, Historian zehar bidaiatzen «ez da nolanahiko proiektua». Izan ere, uste dute «adinekoen arrakala digitala» kontuan hartu beharreko faktore bat dela, eta, hain justu, horixe da espero dituzten zailtasunetako bat. «Poliki-poliki egin beharko dugu lan, eta lehenengo pausoa izango da teknologia berriei dieten beldur moduko hori gainditzea», adierazi du Artetxek. Adineko jendearekin egingo dute lan, eta horietako askorentzat aplikazio bat deskargatzea konplexua izan daitekeelakoan daude.
Hain zuzen, uste dute adinekoekin «konfiantza» lantzea «ezinbestekoa» izango dela horretarako, eta «ahalik eta modu sinpleenean» azaldu beharko dietela; besteak beste, nola erregistratu behar dituzten egingo dituzten kilometroak. Dena den, hiru erloju izango dituzte eskura, egiten dituzten jardueren distantzia kalkulatzeko eta hori aplikazioan erregistratzeko. Teknologia berriei dagokionez, ikastetxeko ikasleak «askoz ere eguneratuago» daudela iruditzen zaie antolatzaileei: «Logikoa da adinekoek zailtasun handiagoak izatea teknologian; gaur egungo gizartearen egoera islatzen du horrek».