Funtzionatzen al du Tarrapatan, pandero baten ibilbidea liburuak?
Bai, ikasleei baliagarri zaie. Europako toki askotan ikusi dut nik. Ezertan hasi aurretik, lehenengo egunetik umeari instrumentu bat ematen diote. Ekinaren ekinez, berehala ikasten du melodiak sortzen eta erritmoa eramaten. Behin instrumentua menderatuta hasten dira solfeoa ikasten. Metodologia hori erabiliz gero, ume horrek ez du sekula instrumentua utziko: harekin lotuta geratuko da betiko. Odolean eramango du.
«Metodologiagatik, ez da harritzekoa hamar haurretik zortzik gurasoei esatea ez dutela musika ikasten jarraitu nahi»
Beranduago lotu zinen panderora. Nola hasi zinen instrumentu horrekin?
Eleuteriok esanda. Hura erromeriaz erromeria ibiltzen zen, eta lanak izaten zituen pandero jotzailea topatzen. Gutxi egoten ziren, eta are gutxiago izaten ziren kantatzen zutenak. Behin, harekin soinua jotzen ikasten ari nintzela, hala esan zidan: «Letu, ikas ezak panderoa jotzen, segituan harrapatuko duk eta». Lagun batekin Bilbora joan nintzen batean, El Corte Inglesen ikusitako pandero bat erosi nuen, eta hura jotzen hasi nintzen, nire kasa, beste pandero jotzaileei begiratuta. Derrepentean, batetik eta bestetik hasi zitzaizkidan deika.
Gaur egun, 120 inguru pandero dituzu. Zertarako hainbeste?
Pandero guztiek ez dutelako denerako balio. Panderoa oharkabean pasa daiteke zenbait instrumenturen ondoan. Beste batzuen ondoan, berriz, panderoak jan egiten du aldamenean duen soinua. Garai batean, hemen, Euskal Herrian, ez zen panderorik egiten, eta lehenik Valentziatik eta beranduago Galiziatik ekarri behar izaten genituen. Hemen, Tolosan, 1990eko hamarkadan hasi zen Joxe Manuel Agirre panderoak egiten, eta gaur egun jende gehiago dabil horretan. Nik behin ere ez dut alerik fabrikatu, baina nola egin agindu, bai. Badauzkat nire neurrira egindako pandero batzuk.
Beti da panderoa beste instrumentu baten laguntzaile?
Aspaldiko garaietan, koplak kantatzeko ahotsa eta panderoa baino ez zituzten erabiltzen. Dena den, panderoak beti izan du egokitzeko gaitasuna. XIX. mendearen bukaeran, soinu txikia hona iritsi aurretik, panderoa albokaren, dultzainaren edo txistuaren laguntzailea zen, eta gero, trikitiak izan zuen loraldian, haren laguntzaile ere bihurtu zen. Hala ere, Gaztela edo Galizia bezalako herrialdeetan, panderoak, bere horretan, protagonismo handiagoa izan du herri musikan. Alde horretatik, beti atzetik gabiltza Euskal Herrian.
Diozunez, garai batean panderoa eta ahotsa bakarrik erabiltzen zituzten koplak kantatzeko. Zuk erabili dituzun beste instrumentuetako bat da ahotsa.
Bai. Pandero jotzaile hasi nintzenean, hainbat trikitilarirekin ibiltzen nintzen ahotsari kontu handirik egin gabe. Aldi berean, Txanbela taldean parte hartu nuen Juan Mari Beltranekin, eta hark eskatu zidan ahotsa lantzeko. Donostiako Orfeoian kantatzen zuen emakume batengana bidali ninduen, eta harekin ikasi nuen. Haizea nola hartu, nola bota eta diafragma nola erabili erakutsi zidan. Oso baliagarriak izan zaizkit argibide horiek guztiak.
1984an hasi zinen Joseba Tapiarekin jotzen, eta bi ahotsetara aritzen zineten kantuan. Hura izan zen zuen ekarpena?
Nik Joseba aspalditik ezagutzen nuen, osabarenean ikusita. Uste dut Belauntzan aritu ginela lehenengo aldiz elkarrekin. Pandero jotzailerik ez zuen eraman, eta ni han egokitu nintzen egun hartan. Elkarrekin oholtzara igo, eta halaxe hasi ginen kantuan. Joseba behetik, ni goitik, jendea txundituta geratu zen, eta deika hasi zitzaizkigun. Horrela hasi ginen, gaur arte.
Euskal Herriko Trikiti Txapelketa Nagusian erakutsi zenuten zein zen zuen jotzeko estiloa.
Bai. 1986an atera ginen, eta txapela jantzi genuen. Sorpresa izan zen jende guztiarentzat. Ikusgarria zen txapelketa horiek zenbat jende erakartzen zuten. 1988an, 9.000 lagun bildu ziren Donostiako Belodromoan. Gauzak okertzera egin zuten, ordea. Epaimahaikoen lana ez zen batere erraza. Alde batetik, Joseba eta biok elkarrekin kantari. Hurrena, Kepa Junkera soinuarekin bere filigranak egiten. Nola neurtu? Gure artean ondo moldatzen ginen, baina liskarrak sortu ziren azkenerako. Horregatik erabaki genuen txapelketen kontu hori alde batera uztea.
Zein izan zen Tapia eta Leturiaren arrakastaren sekretua?
Biok elkarrekin kantatzen genuela eta gure piezak konposatzen genituela txapelketarako. Gure piezek beste musika estiloen ukituak zituzten, baina neurrian sartzen ziren, politak ziren, eta balio zuten txapelketarako. Behin hori bukatuta, gure diskoetan eman genion segida musika egiteko genuen moduari. Dena den, guztia ez zen guk asmatutakoa. Quebecetik ekarri genuen, soinu txikiarekin batera, biolina eta pianoa erabiltzearena edo zapatekin perkusioa egitearena. Hitzak ere asko zaindu izan ditugu, eta beti ibili gara probokazioaren muga horretan. Gerora konturatu ginen horretan ere ez ginela aurrenekoak, gure aurretik katalanek erabiltzen zituztela horrelako hitzak.
Urte batzuetako etenaren ostean, aurten berriro igo zarete oholtzara.
Bai. Josebak urteak eman ditu gaitegi jakin batzuekin loturiko diskoak egiten, eta nik ez nuen neure burua proiektu horietan ikusten. Tarte horretan, Agus Barandiaranek Korrontzi taldean hasteko gonbita egin zidan. Sei bat urtean ibili naiz buru-belarri haiekin, harik eta Josebak berriro hots egin zidan arte. Hamaika lagun igotzen gara orain oholtzara, eta benetan harritzen nau jende gazteak nola ezagutzen dituen gure kantuak. Pentsatzen dut azkeneko urteetan musika guztia erritmikora mugatu dela, hitzei eta melodiei ez zaiela behar bezainbesteko garrantzirik eman. Uste dut jendea jabetzen hasita dagoela horretaz; izan ere, bateriak, baxuak edo bonboak markatzen duen erritmo horretatik harago doa musika, zerbait gehiago da.
Emanaldi asko egin dituzu. Zer ikusten duzue oholtza gainetik?
Nik beti esaten dut urduritasunak joaten zaizkidala han goian nagoela. Urduritasuna etortzen da artistak zer jo ez dakienean, edo toreroak ez dakienean zer zezen klaserekin toreatu behar duen. Baina instrumentua dominatuz gero, horrekin jolastuz gero eta zeure gozamenerako arituz gero, ez dago urduritasun handirik, jarrera horrekin ezinezkoa baita gaizki ateratzea. Nor bere gozamenerako aritzea da oholtzan ondo aritzeko bermerik handiena. Nik poza sentitzen dut oholtza gainean, erabatekoa.
«Tapiaren eta bion piezek beste musika estiloen ukituak zituzten, baina neurrian sartzen ziren, eta balio zuten txapelketarako»
Musikan aritzeaz gain, Kutxan aritu zara lanean.
Bai. Kutxan aritu naiz ia 40 urtez, eta esango nuke, horrengatik ez balitz, ez nukeela musikan jarraituko. Nire burua orekatzen laguntzen zidan hain desberdinak diren bi mundu horietan aritzeak.
Zertan pasatzen duzu denbora behin erretiroa hartuta?
Mendia izan dut afizio, hamairu espedizio egingo nituen munduan zehar. Orain utzita daukat lesio txiki baten ondorioz, eta musikan nabil buru-belarri. Tapia eta Leturiarekin alde batetik, baina baditut bestelako proiektuak ere: Gorka Benitezekin jazzaren munduan murgiltzen ari naiz, eta Iñaki Dieguezek eta biok Pepito Yanciren inguruko lan bat dugu eskuartean. Idazten ere banabil. Aspalditik idazten dut egunerokoa, eta bi liburu apailatzen ari naiz. Koplen ingurukoa da bata, eta bestea Villabonari buruzkoa bestea. Ez dut aspertzeko betarik.
-
Soinu jotzaile bat? Flaco Jimenez. Harekin jotzeko zortea izan genuen.
-
Pandero jotzaile bat? [Imanol Arregi]Iturbide. Notaz notako metodologia erabiltzen zuen, guk gerora jarraitu duguna.
-
Trikiti pieza bat? Kepa Junkeraren fandango bat, 1986ko Trikiti Txapelketa Nagusian Abadiñoko kanporaketan atera zuena.
-
Plaza bat? Aia gaineko Iturriotzen San Joan egunean egiten duten erromerian zoratzen egoten naiz.
-
Kontzertu bat? Kanadako Edmonton Folk Festivalen 1998an eman genuena, 60.000 lagunen aurrean. Emmylou Harrisen telonero izan ginen.
-
Musikari bat? Quebectarrak. Eta bat esatekotan, Michel Bordeleau.
-
Mendi bat? Himalaiako edozein. Trekkingen bat egin izan dut han inguruan.