Moxal haragiari balioa eman nahi diote

Erabiltzailearen aurpegia Gipuzkoako Hitza-Imanol Garcia Landa 2024ko ira. 13a, 19:59

Uxue Artola Muxal Festa Gastronomikoaren antolatzailea eta Mikel Arteaga Amezketako alkatea, Amezketako plazan.

Muxal Festa Gastronomikoa egingo dute bihar, lehenengoz, Amezketan. Moxal haragiarekin egindako askotariko platerak dastatzeko aukera izango da.

Gipuzkoako Hitza-n argitaratuko artikulua.

«Moxal haragiak oso ezaugarri aberatsak ditu: omega 3 asko du, burdina, proteina, gantz gutxi, eta daukan gantza osasuntsua da». Uxue Artola Aralarreko izena duen ustiategiaren arduradunaren hitzak dira. Aralarreko izenpean, moxal haragia komertzializatzen dute bere ustiategian, salmenta zuzenaren bitartez. «Euskal Herriko mendiko zaldi arraza dugu, etxean hezten ditugu, erabat libre egoten dira, mendian, Aralarren edo etxearen inguruko belardietan». Muxal Festa Gastronomikoa egingo dute bihar lehenengoz, Amezketan, eta, hain justu, Artola da sustatzaileetako bat. Arratsaldeko seietatik hasita, askotariko jarduerak antolatu dituzte, hala nola postu gastronomikoak, kontzertu akustiko bat eta solasaldi bat.

Artolak esan du Tolosaldean moxal haragia kontsumitzeko ohitura «handia» zegoela orain urte batzuk. «Ez dakigu zergatik izan den zehazki, baina haragi mota hori saltzen zuten harategiak itxiz joan dira». Kontatu du etxean lehen kontsumitzen zutela haragi mota hori, bai harategikoa eta baita etxekoa ere. «Garai batean, hazkuntza prozesu guztia egiten zen, eta azken momentuan kamioia etortzen zen eta bertan eramaten zuten moxala. Azkenerako, ikusi genuen guk komertzializatuz gero, guk geuk egin genezakeela ziklo guztia. Beraz, erabaki genuen salmenta zuzena hastea». Gaur egun, moxal haragia saltzeko salmenta puntuak dituzte Aralarreko ustiategikoek: Azpeitiko Elikagunean, Lazkaoko Biziolan eta Tolosako Ama jatetxean banatzen dute.

Moxal haragia plazaratzea

Artolak uste du jendeari kostatu egiten zaiola zaldia kontsumorako animalia gisa ikustea. «Zaldiak, kontsumitzeko baino gehiago, gainean ibiltzeko animaliak dira jende askorentzat, eta ideia horretatik dator kontsumitzeko zailtasuna. Azken batean, zaldia haragitarako arraza bat da, eta, alde horretatik, berdin da txekorra, txerria edo moxala izan». Hain justu, moxal haragiari balioa emateko bururatu zitzaion Artolari festa gastronomiko bat antolatzea. «Aspalditik nuen moxal haragiaren inguruan zerbait egiteko ideia. Pentsatu genuen moxal haragia plazaratzea zela horretarako modurik egokiena; hartara, jendeari dastatzeko aukera emango diogu».

Buruan zerabilkiena gauzatzeko, Bedaioko Zidernaut artisau edarien ekoiztetxeko Txarli Gesteirarekin jarri zen harremanetan, eta segituan animatu zen hura. Bedaion badira Balerdipeko Erleak izeneko ezti ekoizleak ere, eta horiek ere batu ziren Artolaren ideiara. Tolosako Ama jatetxeko arduradunekin hitz egin zuen ondotik, eta animatu ziren parte hartzera. Amezketako Pello Zabala gunea batu zaie azkena, eta erakundeen babesa jaso dute, azkenik. Hala lortu dute Muxal Festa Gastronomikoa antolatzea.

Sei postu izango dira bihar Amezketako plazan: Zidernautek edariak eskainiko ditu, eta beste bost postuek, moxal haragia oinarri hartuta, askotariko platerak eskainiko dituzte. Bertaratzen direnek, txartelak erosi ahal izango dituzte, jakiak eta edariak dastatzeko. Festa hastearekin batera, postuetako arduradunek gidatutako solasaldi bat izango da, eta, ondoren, Bidenabar musika taldeak kontzertu akustiko bat emango du. «Pozik gaude egitasmoak jasotako babesarengatik», esan du Artolak. «Orain jendea festara etortzea besterik ez da falta».

BIHARKO EGITARAUA
  • 18:00. Festaren hasiera.
  • 18:15. Solasaldia. Ama jatetxeko Javi Rivero, Aralarreko ustiategiko Uxue Artolarekin, Balerdipeko Erleak ekoiztetxeko Inaxio Arinekin eta Zidernaut ekoiztetxeko Txarli Gesteirarekin.
  • 19:00. Bidenabar musika taldearen kontzertu akustikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!